NAIZ
DONOSTIA

Europako hizkuntza komunitateen topaleku izango da Donostia abenduan

Abenduan Donostiako Kursaalen bat egingo dute Europako hizkuntza komunitateek hizkuntza eskubideen eta aniztasunaren inguruko ekarpena egiteko. Abenduaren 17an egingo den ekitaldi batean Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa jendaurreratuko du Kontseiluak.

Paul Bilbao (Kontseilua), Xabier Paya (Donostia 2016) eta Ane Ortega (Europako Foroaren koordinatzailea), abenduko hitzorduen aurkezpenean. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Paul Bilbao (Kontseilua), Xabier Paya (Donostia 2016) eta Ane Ortega (Europako Foroaren koordinatzailea), abenduko hitzorduen aurkezpenean. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Donostiako Kursaalak Europako hizkuntzen inguruko goi mailako topaketa hartuko du abenduaren 15, 16 eta 17an eta dagoeneko zita horri begira elkarlanean ari dira Donostia 2016 Fundazioa, Kontseilua eta Unesco Etxea.

Antolatzaileek azaldu dutenez, alde batetik, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa (HEBP) aurkeztuko da, Kontseiluaren gidaritzapean. Bestetik, Unesco Etxeak gidatuta, Europako Hizkuntza Aniztasunaren Foroa antolatuko da, arlo horretan dauden erronka nagusien inguruko hausnarketa eta eztabaida bideratzeko xedearekin. 

Foroak, Europako gizarte zibileko eragileak, erakundeak eta espezialistak, baita ikerketaren eta kulturaren arloko erakundeak zein gobernu-erakundeak ere bilduko ditu abenduaren 15ean eta 16an. Estrategia zehatzei buruzko hitzarmenak egiteko aukerak sortu nahi ditu, egoera ahulean dauden hizkuntzak biziberritu eta normalizatzeko.

Batzorde zientifiko bat osatu du foroak gaien eta hizlarien aukeraketan eta topaketaren zabalkundean laguntzeko. Sei erakundetako ordezkari bana dago batzordean: Sagrario Aleman (Euskaltzaindia), Jasone Cenoz (EHU), Belen Uranga (Soziolinguistika Klusterra), Itziar Idiazabal (Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedra), Paul Bilbao (Kontseilua) eta Lorea Bilbao (Network to Promote Language Diversity).

Protokoloa

Protokoloari dagokionez, hizkuntza eskubideak bermatzeko neurri zehatzak proposatzen dituen dokumentua izango da. Dokumentua osatzeko prozesua bere fase aberatsenean sartu da, gizarte eragileen ekarpenak jasoz bai Euskal Herrian eta baita Europa mailan ere.

Irlanda, Frisia, Sami lurraldeak, Gales, Bretainia edota Flensbourg-en ere aurkeztu da protokoloaren egitasmoa eta bertako ekarpenak ere bildu dira.

Abenduaren 17an aurkeztuko den protokolo horri ekarpenak egiteko aukera irekita dago oraindik, besteak beste, www.protokoloa.eus webgunearen bitartez.