NAIZ
DONOSTIA

Dispertsio politikak aurtengo laugarren istripua eragin duela salatu du Etxeratek

Iragan larunbatean, ekainak 4, bisitatik bueltan zetozela, Avilan dagen Oihana Agirre presoaren senideek istripua izan zuten, sakabanaketa politikaren ondorioz aurten jazotzen den laugarrena. Etxeratek xehetasun gehiago azaltzeko agerraldia egingo du eta mobilizazioak deitu ditu.

Ohar bidez, Etxerat elkarteak jakinarazi du larunbatean, bisitatik etxerako bidean zirela, preso baten senideek istripua izan zutela.

«Senideek derrigorrean egin behar dituzten bidaia luzeen osteko urteko laugarren istripua» dela salatu du elkarteak.

Asteazkenean emango ditu Etxeratek xehetasun gehiago, Donostian egingo duen agerraldian.

Era berean, Hego Euskal Herriko hiriburuetan elkarretaratzeak deitu dituzte, istripua salatu eta senideei elkartasuna adierazteko.

Horietako lehena gaur egingo dute Iruñean (20.00etan, PPren egoitza aurrean).

Asteartean Bilbon izango da elkarretaratzea (19.00etan, Arriagan) eta asteazkenean Donostia (19.00etan, Tabakalera parean) eta Gasteizen (19.00etan, Andra Mari Zuriaren plazan) txanda izango da.