Japoniako lehen ministro Shinzo Aberekin batera egindako agerraldi batean, Tuskek iragarri du apirilaren 29rako ezohiko bilkura bat deituko duela, Erresuma Batua Europar Batasunetik ateratzeko prozeduraren negoziazioei begira irizpideak finkatzeko.
EBn geldituko diren 27 herrialdeetako buruak daude deituta bilera horretan parte hartzera.
‘Brexit’-a ahalbidetzeko prozedura martxoaren 29an hasiko duela jakinarazi zuen atzo Theresa May lehen ministro britainiarrak. Mugarri horretatik hilabetera egingo da, horrenbestez, Tuskek iragarri duen bilkura.
Mayk Lisboako Hitzarmenaren 50. artikuluaren aktibazioa eskatu eta 48 ordura espero da Tuskek erantzuna ematea eta horrela hasiko lirateke ofizialki ‘Brexit’-a gauzatzeko negoziazioak.
Downing Street-en arabera, 2019ko martxoaren 29an espero da negoziazio horiek bukatzea, Erresuma Batua EBtik kanpo geldituz.