NAIZ
ONDARROA

Ibon Iparragirre presoa ospitaleratu egin dute Madrilen

Ibon Iparragirre euskal presoa Madrilgo Principe de Asturias ospitalean ingresatu dute, pneumonia zantzuak dituela-eta. Gaixotasun larria du ondarroarrak, hiesa C-3 estadioan.

Ibon Iparragirre martxoan eraman zuten Ondarroara, aita bisitatzera. (@uurruzuno)
Ibon Iparragirre martxoan eraman zuten Ondarroara, aita bisitatzera. (@uurruzuno)

Ibon Iparragirre euskal preso politikoa Madrilgo Principe de Asturias ospitalean ingresatuta dago, ‘Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza’ agerkariak berri eman duenez.

Hedabide horri Iparragirreren senitartekoek azaldu diotenez, hiru egun zeramatzan eztularekin ondarroarrak Alcala Mecoko espetxean eta plakak ateratzeko eskatu zuen. Pneumonia zantzuak atzeman zizkioten eta horregatik Principe de Asturias ospitalera eraman zuten, «urgentziaz».

Iparragirreri odol analisiak egin zizkioten duela bi aste eta emaitzen zain jarraitzen du oraindik ere. Senideek gogora ekarri dutenez azken analisiak iazko abenduan egin zizkioten eta «oso kezkagarriak» ziren emaitzak. Oraingoak ez direla hobeak izango uste dute.

Ibon Iparragirre gaixotasun larria duen euskal presoetako bat da. Hiesa du, C-3 estadioan, eta horrek lesio neurologiko larriak eragin dizkio.

Duela hilabete pasatxo Ginebran egoitza duen Torturaren Aurkako Munduko Erakundeak preso ondarroarraren egoeraren inguruko kezka agertu zuen eta bere gaixotasuna espetxearekin ez dela bateragarria nabarmendu zuen. Osasunagatik eta arrazoi humanitarioengatik aske egon beharko lukeela aldarrikatu zuen.

Martxoaren hasieran eraman zuten Iparragirren azkenekoz Zaballako espetxera eta handik Ondarroara, oso larri zegoen bere aita ikustera. Hura bisitatzen ari zela, baina, hil egin zen Eusebio Iparragirre.