Duela urtebe, Iberdrolak argindarra kendu zuen Errekaleorren eta Ertzaintzak hainbat lagun atxilotu zituen. Gaur, agerraldi baten bitartez, bertan jarraitzen dutela goraipatu nahi izan dute bertako kideek. «Milaka pertsonei esker iluntasunetik argitasunera salto egin eta urtebete beranduago hauxe baiezta dezakegu: Errekaleor eguzki izpiez hornituta dago, energetikoki burujabea da», adierazi due.
Denbora honetan eraikinak hobetu, paretei kolorea eman eta «inoiz baino proiektu gehiagok» forma hartu dutela nabarmendu dute. «Gure segurtasunaren aitzakipean kolpatu gintuzten arren, jakin bagenekien helburua politikoa zela. Izan ere, autogestioa ardatz izanik, hasieratik egin dugu lan auzoa eraberritu eta bertan bizi garenontzat toki segurua izaten jarraitu dezan». Zentzu honetan etxeen egitura egoera onekoa dela baieztatu zuten 16 arkitektuk txosten batean eta gaur, aldiz, auzo osoko instalazio elektrikoa bermatzen duen txostena aurkeztu dute.
«Euren kolpea gure iraultza txikia indartzeko pizgarria besterik ez zen izan. Gizon gutxi batzuen eskuetan dagoen eredu energetikoa zein energia horren jabetza pribatua kolokan jarriz, auzo eredu burujabe eta feminista batera egin dugu salto, bai eta energiaren jabetza kolektibizatu ere», adierazi dute. Elektrizitatearen erabilpenean %90eko jeitsiera lortu dutela azpimarratu dute.
Hala, duela urtebete egindako argi mozketa «proiektu politiko honekin amaitzeko apustua» izan zela adierazi dute, baina «ez dutela lortu». «Hau irabazi izanak ez gaitu lasaitu ezta eraisketaren mamua desagerrarazi. Autokonplazentziaz betetzetik urrun, argi dugu haiek burutu nahi duten gerra hau askoz luzeagoa dela eta gure aurka egiteko apustua zenbait bulegoetako mahai ezberdinetan dagoela oraindik».
Honi aurre egiteko hainbat ekimen antolatuko dituzte, igande honetatik hasita, noiz 100MilaEsker eguna ospatuko duten.