@arianekamio
Donostia

‘El amor menos pensado’ filmak zabaldu du lehia ofiziala

Abian da Urrezko Maskorrerako lehia Donostiako Zinemaldian. Juan Veraren ‘El Amor menos pensado’k zabaldu du lehia ofiziala, Ricardo Darinekin. Gaur gaueko inaugurazio galako proiekzioa izango da.

‘El amor menos pensado’ filmaren fotograma.
‘El amor menos pensado’ filmaren fotograma.

Marcos eta Ana ditu protagonista Juan Vera zuzendari argentinarraren ‘El amor menos pensado’ filmak. Hogeita bost urteko bikote harremana irudikatzen dute Ricardo Darinek eta Mercedes Moranek. Luciano semea Estatu espainiarrera doa ikasketak burutzera eta bere hutsuneak bikote harremana zalantzan jarriko du eta nork bere bizitza egitera bideratuko du egoera berriak.

Jendetza batu da Zinemaldiko lehenengo emanaldira; Kursaaleko auditoriuma lepo bete da. Baita aurtengoan eskaintzen den Sail Ofizialeko lehenengo prentsaurrekoa ere. Aretoan kazetari andana, Ricardo Darinek dakarren zaletu sokaren lekuko.

«Gidoia ondo idatzita dagoenean eta eszenak eta elkarrizketan bihotzetik idazten direnean (horrek ez du esan nahi ironiarik edo sarkasmorik ez dagoenik), ahalbidetzen dute ohikoak ez diren harremanez hitz egin ahal izatea. Harreman horiek existitzen direnean eta funtzionatzen dutenean, izugarriak dira. Film honen giltzarri nagusietako bat da harreman zehatz batez hitz egiteaz harago, ez duela indibidualtasuna alboratzen, norberak egiten dituen galderak, fantasiak eta normalean mahai gainean jartzen ez direnak erakusten ditu», esan du Darinek.

Mercedes Moranen arabera, filma komedia erromantikoa izan arren, «generotik oso gutxi du. Txisteak, umorea, emozioak ez daude azpimarratuta. Eta pertsonaiak parekatuta daude, eta hori ez da beti gertatzen. Emakumea histeriatik urrun dago. Emakume zintzoa da, biak dira zintzoak. Eta normalean horrelako istorioak kontatzen dituzten filmak pertsonaia gazteagoekin edo zaharragoekin egiten dira. Gaur egungo maitasunari buruz hitz egiten duen filma dela iruditzen zait», nabarmendu du.