naiz
DONOSTIA

Joseba Alvarez eta Moussa, epaitegietan Donostiako Udaltzaingoaren salaketa dela-eta

Donostiako Udaltzaingoak «mehatxuak» eta «desordena publikoak» leporatzen dizkiete Saharaz hegoaldeko saltzaile ibiltari bati eta hari ematen ari zitzaizkion tratu txarraren aurrean kexa adierazi zuen ezker abertzaleko militante Joseba Alvarezi. Gaur epaitegian deklaratuko dute biek. «Beraiek Moussa bortizki tratatu, nik aurre egin eta biok kondenatu nahi gaituzte», adierazi du Alvarezek sare sozialen bitartez.

Moussa eta Joseba Alvarez, Donostiako epaitegien atarian. (@JosebaAlvarez)
Moussa eta Joseba Alvarez, Donostiako epaitegien atarian. (@JosebaAlvarez)

Iragan ekainean, Donostiako Parte Zaharrean kalez jantzitako bi udaltzain saltzaile ibiltari bat atxilotzen ari zirenean, saltzailea jasotzen ari zen «tratu txarra» ikusirik kalean zegoen jendea inguruan pilatu zen eta Joseba Alvarezek aurre egin zien. 

‘Moussa’ izenez aurkeztu duten saltzailea atxilotuta eraman zutenean, udaltzain batek Alvarezi esan zion bien aurkako salaketa jarriko zuela eta gaur epaitegian aurkeztu behar izan dira biak. «Gaur bederatzi urte kartzelatik hirugarren aldiz atera nintzela. Eta goiza epaitegian hasiko dut Udaltzaingoak Moussa eta bioi tartekatutako salaketa dela medio. Beraiek Moussa bortizki tratatu, nik aurre egin eta biok kondenatu nahi gaituzte», adierazi du Alvarezek sare sozialen bitartez.

«Ez zidan NANik eskatu, ez ninduen identifikatu», azpimarratu zuen Alvarezek aurreko agerraldi batean. Gertakari horietan Udaltzainen aurkako «inolako erasorik» ez zela izan defendatu zuten, nahiz eta saltzaileari halakorik leporatzen dioten.

Horrez gain, udaltzainen defentsa egiteko Udaleko zerbitzu juridikoak baliatu beharrean, «eraso sexista larriak» leporatzen dizkioten Miguel Alonso Belza abokatua aukeratu duela Udaltzaingoak ekarri zuten gogora. Udaltzaingoari salaketa erretira dezala eta Udalari etorkinek tratu txarrak jaso ez ditzaten neurriak hartzeko eskatzeaz gain, abokatu hori aukeratu izana gogor salatu dute.