NAIZ
GASTEIZ

EH Bilduk aurrea hartuko lioke EAJri Gasteizen, EiTBren arabera

EH Bilduk irabaziko lituzke hauteskundeak Gasteizen, nahiz eta EAJ atzetik oso gertu izango lukeen; biek zazpina ordezkari izango lituzkete, EiTB Focus inkestaren arabera. Bilbon eta Donostian jeltzaleak izango lirateke nagusi eta EH Bildu bigarren indarra. PPk hiru hiriburuetan galduko lituzke zinegotziak eta Gasteizen, bereziki, zartakoa oso handia izango litzateke.

Miren Larrion, EH Bilduko Gasteizko alkategaia. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Miren Larrion, EH Bilduko Gasteizko alkategaia. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

EITB Focus inkestaren arabera, EH Bilduk botoen %23,5 jasoko luke datorren maiatzaren 26ko hauteskundeetan Gasteizen eta EAJren aurretik kokatuko litzateke baina jeltzaleak oso gertu izanda, %23,1 eskuratuko bailukete. Zinegotzi kopuruari dagokionez, berdinketa izango litzateke bien artean, biek zazpina ordezkari izango lituzkete, indar independentistak duela lau urte baino bat gehiago, eta EAJk bi gehiago.

Gasteizko Udalean hirugarren indarra PP izango litzateke, botoen %19rekin. Marotoren alderdiak boto galera handia izango luke, 2015ean %30,2 izan zuela kontuan hartuta. Zinegotzitan, bederatzitik bost izatera pasako litzateke.

PSEk duela lau urteko zinegotzi kopuru berbera mantenduko luke, lau, baina boto-asmoan gora egingo luke, %12,1etik %14,3ra.

Elkarrekin Podemosek ere laui ordezkari eskuratuko lituzke EiTBren arabera; duela lau urte Irabazik bat zeukan eta Podemosek bi (orain elkarrekin aurkezten dira).

Bilbo

Bilbori dagokionez, EAJk jarraituko luke lehen indarra izaten eta boto nahiz zinegotzi kopuruan gora egingo luke. 13 ordezkari izatetik 14ra pasako litzateke, botoen %42,5arekin. Gehiengo absolutua izateko ordezkari bat faltako lukete.

EH Bilduk bigarren postuan segiko luke, orain baino zinegotzi bat gehiagorekin (bost), eta boto-asmoan ere gora egingo luke, %14,3tik %16,1era.

PSEk aurrea hartuko lioke Elkarrekin Podemosi, eta bost ordezkari eskuratuko lituzke, duela lau urte baino bat gehiago; boto-asmoan %12,2tik, %14,3ra igoko litzateke.

Elkarrekin Podemosek hiru ordezkari izango lituzke eta botoen %11,4; Udalberrik eta Irabazik bina dituzte gaur egun.

PP bosgarren indarra izatera pasako litzateke, bi zinegotzirekin, 2015ean baino bi gutxiago. Boto-asmoan %12,1etik %8,3ra jaitsiko litzateke.

Donostia

Donostian ere jeltzaleak gailenduko lirateke eta gora egingo lukete boto-asmo (%30,1etik %35,1era) nahiz zinegotzi kopuruan (bederatzitik hamaikara). 

EH Bilduk PSEri aurrea hartu eta bigarren indarra izango litzateke, zinegotzi bat gehiago (zazpi) eta boto-asmoan %21,2tik %23,9ra igota.

PSEk bi ordezkari galduko lituzke, 7tik 5era, eta bototan sei puntu jaitsiko litzateke, %18,9ra.

Elkarrekin Podemosek bi zinegotzi lortuko lituzke, Irabazik duela lau urte bezala.

PP, azkenik, ordezkari bat galduko luke eta birekin geratuko litzateke.

Inkesta telefono bidez egin dute, maiatzaren 9tik 14ra; 1.750 dei egin dituzte: Gasteizen 400, Arabako gainerako udalerrietan 150; Bilbon 400 eta Bizkaiko gainerako udalerrietan, 200; Donostian 400 eta Gipuzkoako gainerako udalerrietan, 200. Inkesten %21,1 euskaraz egin dira, eta gainerako %78,9a, gaztelaniaz