NAIZ
Gasteiz

Klima Aldaketari buruzko Adierazpen Instituzionala irakurri du Iñigo Urkulluk

Lakua eta honekin lotzen diren erakundeek haien urteko aurrekontuaren zati bat klima-aldaketan inpaktua duten jardunetara zuzenduko duela ziurtatu du Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak, Klima Aldaketari buruzko Adierazpen Instituzionala irakurtzean. Bildutako azken datuen arabera, 2017an berotegi efektuko gasen emisioa %5,45 igo zen.

Varsoviako Vistula ibaian azken urteetako ur-emari txikiena erregistratu zen uztailaren 25ean.(Janek SKARZYNSKI/AFP)
Varsoviako Vistula ibaian azken urteetako ur-emari txikiena erregistratu zen uztailaren 25ean.(Janek SKARZYNSKI/AFP)

Lakua eta honekin lotzen diren erakundeek haien urteko aurrekontuaren zati bat klima-aldaketan inpaktua duten jardunetara zuzenduko duela ziurtatu du Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak, «inpaktuak arintzeko zein egokitzapenak egiteko».

Gasteizko Gobernu Kontseiluan onartutako Klima Aldaketari buruzko Adierazpen Instituzionala irakurtzean azaldu du Urkulluk hau guztia. Adierazpen horretan nabarmendu du klima-aldaketaren aurkako borroka mundu-erronka dela, eta guztion ardura dela, batez ere herritarren eskariak eta premiak hobe ezagutzen dituzten hurbileneko erakundeena.

Administrazio publikoak jasotako azken datuen arabera, 2016tik 2017ra bitartean berotegi efektuko gasen emisioak igoera nabarmena izan zuen, 2014tik 2015era bitartean erregistratutakoa baino handiagoa. Hala, 2011ko datuen pareko kokatzen da, 20.047 kilotonelada CO2rekin.

Irakurketa insituzionalean Lakuak erakutsi nahi izan du Europar Batasunak onartzen duela EAE eskualde aitzindarietako bat dela ekintza klimatikoan eta horretarako, 1995eko datuak hartu ditu erreferentziatzat. Barne Produktu Gordina %65 hazi da ordutik, baina berotegi efektuko gasen isurketa ez da jaitsi %20, adierazpenean jasotzen den bezala; jaitsiera %13koa izan da, Eustaten arabera.

EAEko Aurrekontu Orokorrek ekintza, neurri, zerbitzu eta ekonomia-programen bidez jarrai daitekeen ekonomiaren eta aurrekontuaren arloko informazioa jasoko dutela azaldu du. «Era berean, beharrezkoak diren akordioak eta hitzarmenak sustatuko dira, Euskadiko lurralde- eta toki-erakundeetan klima-ekintza bultzatzera zuzenduko diren programak eta ekintzak batera finantzatu ahal izateko, betiere erakunde horien autonomia ekonomikoa eta finantzarioa errespetatuta», erantsi du.

«Klimatikoki neutroa izango den ekonomia»

Lehendakariak azaldu duenez, irakurri duen adierazpenarekin klima-aldaketaren gaia «Herriaren helburu zentral» gisa ezartzea planteatu du Lakuak. Gainera, ohartarazi du ez dela alarmismo zentzugabe bat zabaldu nahi, baizik eta erronka horri merezi duen benetako dimentsioa eta arreta eman nahi zaiola. «Berotze globala errealitate ukaezina da, eta frogatuta dago berotze horren kudeaketa zuzena onuragarria dela ingurumenerako zein pertsonen osasunerako. Era berean, aukerak eskaintzen ditu ekonomia-hazkunde jasangarriago baterako, jarduera-sektore berriak garatzeko eta kalitate handiagoko enplegu-aukerak sortzeko», argitu du.

Hartara, lehendakariak nabarmendu du Lakuak berretsi duela Klima 2050 klima-aldaketako estrategiarekin eta Energia Estrategia 2030 estrategiarekin hartutako konpromisoa. «Guztiz sinetsita gaude Euskadik erronka hori gida dezakeela, eta klimatikoki neutroa izango den ekonomia lehiakorrago baterako transformazio-palanka bihur dezakeela erronka hori», adierazi du.

EQUO Berdeak alderdiaren erantzuna

EQUO Berdeak alderdi politikoak, aldiz, adierazi du Iñigo Urkulluk aurkeztutako neurriak «hutsalak» direla eta ez dutela erantzuten euskal gizarteak dituen «benetako beharrizanei». Honen ustez, Adierazpen instituzional batek neurriak urgentziaz aplikatzea ekarri beharko luke. Propaganda politikoa egiteko erabili dutela gaitzetsi dute. 

Gainera, abisatu du Urkulluk ez duela egia esan, izan ere –eta goian aipatu legez– 2017an igo egin ziren berotegi efektuko isurketak; %5,45eko igoera eman zen 2016koarekin alderatuz. Eta ohartarazi dute EAEko per capita isurketen batezbestekoak Europakoa gainditzen duela: 9,2 Tm-koa da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eta 8,7koa, Europan; mundu mailakoa, ordea, 4,7koa.