Patxi Ruiz Txantreako presoa atzera Murtzia II espetxean dagoela jakinarazi du 20.30ean Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak. Atzo gauean Virgen de la Arrixaca ospitalera eraman zuten, gose eta egarri grebaren 11. egunean. Ohar batean azaldu duenez, ospitalean bi litro serum sartu dizkiote, eta amaren bisita jaso ahal izan du. Alta boluntarioa eskatu ondoren, kartzelara eraman dute berriro eta erizaindegian ingresatu, espetxe kanpotik itzultzean covid-19 gaitzaren prebentziorako berrogeialdia aplikatu diotelako.
Iruindarrak bere amari esan dionez, hemendik aurrera egarri greba utziko du baina gose grebarekin jarraituko du. Espetxean seruma jasotzeari uko egin dio, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduaren arabera.
Osteguneko 23.00ak inguru ospitaleratu zuten Ruiz, Mulako epaitegiaren aginduz eta «kartzelaren eskariari jarraiki, bere bizitza arriskuan zegoelakoan». Espetxe Zuzendaritzak ere baieztatu du, berri agentzien bitartez, eta «bere gogoaren kontra» eraman zutela adierazi du.
Txantrearrak kartzelako osasun baldintzak salatzeko protesta batean parte hartzeagatik funtzionarioek eginiko mehatxuak salatzeko hasi zuen gose eta egarri greba.
Mobilizazioak
Mobilizazio ugari deitu ditu egun hauetan Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak; tartean zenbait lagunek baraualdiak egiten ari dira.
Preso ohi batzuek, beren aldetik, mobilizazioa deitu dute Donostian larunbat honetan, 20.30ean Alderdi Ederretik abiatuta. Espetxeak euskal agertoki politikotik desagertu behar duela aldarrikatuko dute.