Ateak joan den urtarrilaren 31ean itxi zituen Durangoko Plateruena Kafe Antzokiak, arrazoi ekonomikoak tarteko. Hemezortzi urteren buruan, euskal kulturaren plazak ezin izan zion aurre egin pandemiak eragindako krisi latzari. Orain, Plateruena kafe antzokiko kudeatzaileekin Udalak sinatutako hitzarmena bertan behera gelditu denean –otsailean berrestu beharko lukete kontratua–, udalbatzak hausnarketa prozesu parte hartzaile bati hasiera emango dio: hasiera, datozen asteetan; helmuga, ekainean, ez baitute prozesua asko luzatu nahi.
Plateruena berriz martxan jartzeko Udalak sortutako talde ‘motorra’ prentsaurrekoan aurkeztu da asteazkene honetan. Udaleko teknikariak eta Kulturako zinegotzia, Marian Bilbatua, eta Emun kooperatiba daude talde horren barnean. Arrasaten egoitza nagusia duen kooperatiba hau –Andoain, Bilbon eta Berriozarren ordezkaritzak ditu ere– euskarak eta berrikuntza sozialak bat egiten duten proiektuei aholkularitza eskaintzen espezializatuta dago.
Bilerak eta mintegiak
Txerra Rodriguezek, Emunen izenean, datozen hilabetetan emango diren pausuen ildo nagusiak argitu ditu. Bost lantegi edo tailer eratuko dira herriko talde eta sortzaile eragileekin apirilaren zehar eta, hor jasotakoarekin eta behin diagnostiko batera iritsita, maiatzetik aurrera mintegiak burutu nahi dituzte. Mintegi horietan Plateruenaren etorkizuna nondik nora joango den finkatuko da: ostalaritza mantenduko ote den, zein motako eredua eta edukiak izango dituen...
Durangon martxan dagoen ‘Plateruena ta gero zer’ herri ekimenarekin harremanetan daudela argitu zuen Bilbatua zinegotziak. «Bi prozesu izanik, elkar trukatzeko aukera izango dugu», aipatu du.
Udazkenetik ari da lanean hain justu ‘Plateruena ta gero zer’ herri ekimena. Durangoko hainbat eragile eta sortzaileekin bildu ondoren, pandemiaren eraginez atzeratu behar izan zuten herri bilera burutuko dute datorren larunbatean. Saioa 10.30tan hasiko da Zabalarra eskolan.