NAIZ

Etxeratze agindua 18.00etan «lauzpasei aste gehiago» luzatzea aurreikusten du Macronek

Emmanuel Macron frantziar presidenteak gaur adierazi duenez, «lauzpasei aste» itxaron beharko da oraindik ere frantses Estatuan eta Ipar Euskal Herrian 18.00etatik 06.00ak arte indarrean dagoen etxeratze agindua malgutzeko.

Gazteen formazioa eta lan merkaturatzea lantzen dituen zentro batean bisita zelarik egin du adierazpena Macronek. (Thibault CAMUS/AFP)
Gazteen formazioa eta lan merkaturatzea lantzen dituen zentro batean bisita zelarik egin du adierazpena Macronek. (Thibault CAMUS/AFP)

Emmanuel Macronek ez du iragarpen ofizialik egin diskurtso baten bidez. Izan ere, bisita baten testuinguruan, eta boteprontoan, lehen aldiz erantzun bat eman du urte hasieraz geroztik indarrean dagoen etxeratze aginduaren iraupenari buruz.

Seine-Saint-Denis departamenduan, Stains hiriko skola batean zehazki, bisitan zen gaur goizean frantses agintaria.

18 eta 25 urte arteko langileen formazioa garatzen duen industria eremu batean izan da Macron.

Une batean bertan zen gazte batek hitza hartu du frantses presidenteari etxeratze aginduaren ordutegiak eragiten dion ezinegonaren berri emateko. Ondoren noiz kenduko duen neurri murriztaile hori galdetu dio Macroni, edo bederen «zazpirak arte» atzeratuko duen.

Frantziar presidenteak erantzun dio esanez oraindik ere denbora tarte bat beharko dela koronabirusari aurre egiteko harturiko neurriak kendu aitzin.

Ondoren zehaztu du etxeratze agindu goiztiar horren balizko iraungitze data: «Lauzpasei aste».

Giro informal batean eginiko adierazpen horiek telebista kate batek hartu ditu eta geroztik zer-erran handia eman dute sare sozialetan bereziki.

Frantziar presidentea Hezkuntza ministro den Michel Blanquerrekin batera joan da Seine-Saint-Denis departamendura.

Bertan eskolak eta formazio zentroak irekiak atxikitzeko Gobernuak harturiko neurriak aurkeztu dituzte. Horien artean hezkuntza sare guztian Gobernua ezartzen hasi den covid-19 atzemateko listua erabiltzen duen testa.

Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko eskoletara ez da oraindik ere heldu gailu berria.

Alta, Paueko ikastetxe batean aurkerztu dute gaurko egunez koronabirusaren hedatzea oztopatzeko xede iragarritako sistema.

Frantziar Estatuak 3,7 milioi covid-19 kasu baino gehiago metatu ditu 2020ko martxoan pandemiaren lehenengo kasuak baieztatu zirenetik.

Gaur egun aldaerak azkar hedatzen ari dira Hexagonon. Hori dela eta, berriki asteburuko konfinamendua ezarri du Gobernuak Nizan eta Dunkerque bezalako hiritan.

Horretaz gain 20 bat departamendu muturreko egoera larrian ezarri dituzte eta ondoko egunoan egoerak ez badu hobera egiten bertan antzeko neurri murriztaile berriak plantan emanen dituzte.