Amasa-Villabonako Udalean astearte honetan egin duten osoko bilkuran erabaki dute, besteak beste, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izatea.
UEMAk ohar bidez jakinarazi duenez, EH Bilduko zazpi zinegotziek erabakiaren alde bozkatu dute, EAJko bost zinegotziak abstenitu egin dira, eta PSEko zinegotziak aurkako botoa eman du.
Beatriz Unzue alkatearen hitzetan, «erabakia hamarkada askotan jende askok euskararen alde egindako lanaren emaitza da». Udalaren erabakiaren berri emateko eta UEMAren nondik norakoak ezagutarazteko herritarren artean banatu duten AMAVI aldizkariaren zenbaki berezian Unzuek zehaztu duenez, «UEMAn sartzea beste mugarri garrantzitsu gisa ikusten dugu, eta jende askok euskararen alde egindako lan guztiaren aitortza egiteko baliatu nahi dugu. Pozik eta harro egotekoa da urte luzez herri erdaldundua izan ondoren (batez ere frankismo garaian), Amasa-Villabona berriro ere herri euskaldunen klubean egotea».
Tolosaldeko udalerri honek 5.881 biztanle ditu erroldan eta, azken datu soziolinguistikoen arabera, herritarren %67k daki euskaraz, eta %36 ingurukoa da euskararen erabilera kalean. Etxean, berriz, herritarren %42 inguruk dute euskara ohiko hizkuntza.
Horren aurrean, hizkuntza ohiturak aldatzeko eta euskara biziberritzeko, Amasa-Villabonak «hizkuntza politika eraginkor eta ausartak» behar dituela uste du alkateak eta, hain zuzen, UEMAko kide izateak horretan lagunduko diela adierazi du: «UEMAk zerbitzu ugari eskaintzen dizkie udalei, eta guk zerbitzu horiek baliatu nahi ditugu, euskaraz lasai bizi ahal izango den herri bat izatea lortzeko. Bide horretan, Udaleko euskara zerbitzuak eta UEMAko teknikariek elkarlanean jardungo dute».
UEMAk maiatzaren 29an egingo du du hurrengo batzar nagusia, Amasa-Villabonan bertan, Gurea antzokian, eta batzarkideek egun horretan onartuko dituzte udalen eskaera berriak. Batzar nagusiak Amasa-Villabona UEMAko kide izatea onartzen duenean, Tolosaldeko 28 herrietatik 17 izango dira UEMAko kideak.