NAIZ

Aroztegia makroproiektua gelditu arte «erresistentzia akanpada» egingo dutela ohartarazi dute

Baztango Lekaroz herriko lurretan egin nahi den hirigintza-proiektuko lanak ostiral honetan ere gelditu dituztela adierazi dute Aroztak mugimenduko kideek. Berriro ere, poliziaren presentzia handia egon dela salatu dute.

Aroztegia makroproiektua geldiarazteko akanpada. (Aroztak)
Aroztegia makroproiektua geldiarazteko akanpada. (Aroztak)

Aroztak, Aroztegia geldiarazteko helburuarekin sortutako herri ekimenak, ostiral honetan ere Baztango Lekaroz herriko lurretan egin nahi den hirigintza-proiektuko lanak gelditu dituela adierazi du ohar baten bitartrez.

Hala ere, bai Nafarroako Gobernuak baita proiektu honen promotore den Palacio de Arozteguia S.L. enpresak ere herritarren eskakizunei entzungor egin dietela salatu du Aroztak herri ekimenak. «Argi utzi dute gaur ere ez dutela suntsiketa honekin bukatzeko inongo asmorik. Gaur ere, haiek bidalitako polizia izan dugu herritarrak jazartzen, bide publikoak mozten eta gure aldarrikapen eskubideak urratzen isunen mehatxupean», nabarmendu dute.

Horren aurrean ez direla «kikilduko» argi utzi dute Aroztakeko kideek. Arostegiako proiektua «pelotazo urbanistiko» bat dela adierazi dute eta inongo zilegitasunik ez duela azpimarratu dute: «Ez Lekarozko herriak eta Baztanek ez dute proiektu hau babesten».

Horregatik, proiektua gelditu arte Aroztegiako eremuan «erresistentzia akanpada» egingo dutela adierazi dute: «Jakin dezaten ez garela isilik geratuko».

Era berean, Aroztak herri mugimenduak bere borrokarekin bat egiteko gonbidatu die herritar guztiei, etahurrengo egunetako mobilizazio gehiago egongo direla aurreratu dute. Izan ere, bihar, larunbata, hilak 17, Lekarozko plazan elkarretaratzea egingo dute 17.00etan. Maiatzaren 16an, 17.30ean, manifestazioa egingo dute Elizondoko Plazatik.