1938an fusilatu zuten Pedro Asua Zubiaurren familiak eta Galdakaoko Udalak hildakoaren gorpuzkiak berreskuratzeko tramiteak abiatzeko eskatu diote Jacako Udalari.
Asuak 22 urte zituen hil zutenean. 1936ko gerran miliziano gisa borrokatu zen galdakoztarra. Atxilotu, heriotza zigorrera kondenatu eta fusilatuta hil zuten 1938ko otsailaren 7an. Jacan fusilatu zuten eta bertako hilerrian lurperatu zuten, fosa batean.
Urteetan egin dituen ikerketa lanei esker, familiak badaki non dagoen lurperatuta, eta gorpuzkiak berreskuratu nahi ditu; lurpetik atera eta bere sorterrira eraman. Galdakaoko Udalaren babesa jaso du familiak eta elkarlanean aritzea adostu dute, gorpuzkiak berreskuratzeko helburuarekin.
Hala, tramiteak hasi dituzte jada, familiak Jacako Udalean aurkeztu duen instantzia batekin. Pedro Asuaren iloba txikiak osaba zaharraren gorpuzkiak aurkitu eta lurpetik ateratzeko tramiteak egiteko eskatu du. «Aurrez egindako lanei esker, jakina da zein leku zehatzetan dagoen lurperatuta», azaldu du ilobak eskaera orrian. «Familiaren nahia da gorpua berreskuratu eta bere sorterriko udal hilerrian, Galdakaokoan, lurperatzea».
Exhumazioa egin eta gorpuzkiak Galdakaora eramateko beharrezko tramiteak egiteko eskaera da familiak Jacako Udalari igorri diona. Aurrez ere Aranzadi Zientzia Elkartearekin harremanetan dagoela azaldu du ilobak, eta exhumaziorako beharrezko laguntza profesionala izango luketela.
Jacako alkatearekin bilera ere eskatu du familiak, egoeraren berri zehatza aurrez aurre eman eta egin beharreko tramiteak zehazteko.
Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea harremanetan jarri da Juan Manuel Ramon Jacako alkatearekin. Gorpuzkiak aurkitu eta lurpetik ateratzeko lanetan familiari laguntza eman diezaiola eskatu dio: «Urteak daramatzate gorpuzkiak berreskuratu nahian eta laguntza eskatu diote Galdakaoko Udal Gobernuari», azaldu dio Galdakaoko alkateak Jacakoari.
Hernandok esan duenez, Galdakaoko Udalak «konpromisoa hartzen du Jacako Udalari eta biktimaren familiari beharrezko laguntza guztia emateko». Hori dela eta, Udalak historialari baten zerbitzuak kontratatu ditu proiektu hau gauzatzeko memoria historikoa berreskuratzearekin lotutako ekimenen barruan. «Pentsatzen dut bi udalek partekatuko dugula memoria berreskuratzeko helburu hori», ondorioztatu du.