Eneko Fernandez, Eneko Lazkoz, Joanes Illarregi, Josu Sanjurjo, Julio Soto, Saioa Alkaiza, Xabat Illarregi eta Xabier Silveira. Hauek dira hilaren 28an Iruñeko Anaitasuna kiroldegian, Nafarroako Bertsolari Txapelketaren 45. edizioa bereganatzeko lanean arituko direnak.
Gaur ere bertan izan dira, Nafarroako Bertsozale Elkarteko kideekin batera, finalaren inguruko xehetasunak eman eta haien gogoetak partekatzen. «Gogoz» izan da hitzik errepikatuena. Hori azpimarratu dute, adibidez, Sanjurjok eta Alkaizak. Bai lesakarrarendako bai iruindarrarendako hau izango da lehen finala. «Esperientzia bizi eta zerbait polita utzi». Hori da Sanjurjoren desioa. Alkaizak, finaleko emakume bakarrak, aldiz, azken urteetan finala harmailatik gozatu ostean oholtzara egindako salto hori disfrutatu nahi du. Baina lehen finala izanagatik, argi utzi du: ez da «txikikeriatan» aritzera agertuko.
Finala «egindako lanaren aitortza» dela adierazi du Fernandezek eta «milagrorik ez dela» azpimarratu Xabat Illarregik, orain arte egindakoarekin «gustora eta konfidantzaz» iristen dela azpimarratzearekin batera.
Soto da egungo txapelduna eta 28an, bere hamaikagarren finalean, seigarren txapela bilatuko du. Finalerako bidean egindako lanetan «sentsazio ezberdinak» izan dituela aipatu du, baina finaletan «zerotik hasten zarela» nabarmendu. «Alanbretik pasa behar zara».
Sotok seigarrena nahi baldin badu, Silveirak zortzigarrena. Hala ere, «sentsazio arraroegiak» argudiatuz, uko egin dio erantzuteari.
Beteranoetako beste bat da Lazkoz. Etxarriarrak zazpigarren finala izango du honako hau eta «disfrutatzen» saiatuko dela esateaz gain, ez dio erronka makala jarri bere buruari. «Kantatzen dugun bertso bakoitza inoizko onena izatea».
Joanes Illarregik ere «sentsazio onak» aipatu ditu, batez ere azken saioan egindako lanarekin pozik. Bigarren finala du eta orduan baino «erosoago» aritu dela aipatu du.
Estitxu Arozena, txapel jartzailea
Urriaren 2an abiatu zen txapelketa, 29 bertsolarirekin, eta Nafarroako bazter ugari bisitatu ditu: Erronkari, Tafalla, Zangoza, Doneztebe, Altsasu, Berriozar edo Leitza. Garai hauetan «pandemiak eragindako egoerari aurre egin eta kultur plazak biziberritzeko» egindako ahalegina nabarmendu du Alaitz Rekondok, Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariak. «Finala ere izan dadila bultzada eta aldarri, bertsogintzaren eta kultur sorkuntzaren defentsan».
Final horretan ohikoa izan den emakume bat ere izango da protagonista Iruñean, azaroaren 28an. Estitxu Arozena bertsolariak izango du-eta txapela jartzeko ardura. Iaz bete ziren 25 urte Arozenak txapela bereganatu zuenetik. Hau lortzen lehen emakumea izan zen. Iaz omendu nahi zuten, baina osasun egoerak baldintzatuta, omenaldi hori atzeratu behar izan dute, «Nafarroako bertsolaritzaren alde egindako lan guztia eskertu» asmoz.
Puntu horretara iristeko (txapela janztearena), bi zati gainditu beharko dituzte bertsolariek. Lehenbizikoan zortziek hartuko dute parte, hamabosna bertso kantatuz, eta buruz burukora puntu gehien poltsikoratu dituzten biak sailkatuko dira.
Osasun egoera Nafarroan
Koronabirusak sortutako osasun larrialdi egoeraren ondorioz iaz bertan behera geratu zen zita eta aurten, finala egingo den arren, covid-19a ere presente egonen da. Ander Perezek, Nafarroako Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak, nabarmendu egin du «kultura segurua izan dadin, ezinbestekoa dela» osasun neurriak mantentzea eta musukoa derrigorrezkoa izango dela saio osan zehar.
Nafarroak datorren astetik aurrera ostalaritzan edo kultur ekitaldietan, besteak beste, covid pasaportea eskatuko duela iragarri du Nafarroako Gobernuak. Neurri horien berri izan aurretik egin da ordea Anaitasunako aurkezpena. «Zain gaude, zer eta noiz etorriko den. Eta horren arabera moldatuko dugu moldatu beharrekoa. Zain gaude, arretaz. Eta bete beharrekoa beteko dugu», adierazi du.
Finalerako sarrerak oraindik salgai daude. Bertan egonen dira eskuragarri, finalaren eguneko 15.00ak arte. 18 euroko prezioa dute sarrera arruntek, 15ekoa Bertsozale Elkarteko bazkideentzako eta 13koa 16 urtetik beherakoentzako.