Estatu espainolerako aurrekontuek argi berdea izan dute astearte honen eguerdian, azken trabak gaindituta. Zehazki, aurreko astean Senatuan onetsi zen hizkuntza gutxituei buruzko emendakina bozkatu da Kongresuan, eta aurrera egitearekin batera egitasmo osoaren onespena ekarri du.
Gauzak honela, garaiz egin ditu lanak Gobernu espainolak, ohiko kideen atxikimendua lortuta (tartean Euskal Herriko eta Kataluniako indar independentistak). Aurrekontua Espainako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko prest gelditu da eta urtarrilaren 1ean indarrean sartuko da, inolako atzerapenik gabe.
Azken emendakin hori Compromisek aurkeztutakoa zen, eta hasiera batean PSOEren ezetza jaso zuen, jada inolako aldaketarik ez zuelako nahi. Hala ere, Kongresura iritsita onespena eman dio Pedro Sanchez buru duen taldeak.
Azken aldaketa honen bitartez, Kultur eta Kirol arloko Ministerioaren 1,6 milioi euro EAE, Nafarroa, Katalunia, Galizia eta beste zenbait autonomia elkartetara bideratu dituzte, kopuru hori Hizkuntza Gutxituen Europako Gutunak babesten dituen hizkuntzen alde erabil dezaten.
Emendakin honen alde PSOEk, PPk, Unidas Podemosek, ERCk, EAJk, EH Blduk, Junts-ek, PDeCATek, CUPek, Mas Pais-Equok, Foro Asturiasek, BNGk eta Compromisek egin dute. Aurka, bi indar bakarrik: Ciudadanos eta Vox.
PPren aldeko boza ironikoki baloratu du EH Bilduko bozeramaile den Mertxe Aizpuruak:
@MertxeAizpurua ironiza con el apoyo del PP y del estadista de Sotosalbos a las lenguas oficiales.
— EH Bildu (@ehbildu) December 28, 2021
«Les agradecemos que nos hayan obsequiado con 1,6 millones que el Gobierno no quería incluir. Son ustedes muy buenos goleadores. Esto debe ser la política de altura». pic.twitter.com/OmxJN896jO
Gobernuak ordezkaritza oso zabala bidali du bozketa honetara, aurrekontuen onespenak dakarren garrantzia nabarmendu asmoz. Honela, Pedro Sanchez presidentearekin batera hiru presidenteordeetatik bi izan dira Kongresuan (Nadia Calviño eta Teresa Ribera), eta hamar ministro gehiago ere.