Arantxa Tapia Lakuako Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburua eta ENBA Gipuzkoa, ENBA Bizkaia, EHNE Gipuzkoa, EHNE Bizkaia, UAGA, Euskal Herriko Kontsumitzaileen Batasuna eta Urkaiko sindikatu eta elkarteetako ordezkariek bilera egin dute, gaur asteazkenean, abeltzaintzaren sektorearen egoera aztertzeko. Topaketa bukatu ondoren, familia-nekazaritzaren eta abeltzaintzaren aldeko manifestua ezagutzera eman dute.
Tapiak azaldu duenez, nekazaritzako inguruak EAEko lurraldearen %80 baino gehiago dira; eta lurralde hori, %85ean, mendi-eremua ere bada. «Horrek familia-nekazaritzaren eredu bat zehazten du, eskala txikikoa eta ertainekoa, nahitaez. Familia-nekazaritzak lurraldea modu orekatuan eta errespetuzkoan kudeatzen du, eta gure nekazaritza-ondarearen aberastasuna kontserbatu eta hobetzeko, gure paisaia moldatzeko eta gure natura-ingurunea babesteko arduraduna da», argudiatu du sailburuak.
Lakuako Gobernuaren eta sindikatuen arabera, familia-nekazaritzak landa-ingurune «biziari» eusten dio: «Nekazari eta abeltzainak beren herrietan bizi dira, eta hurbileko ekoizpena egin eta landa-inguruneari eta gure mendi-paisaiari eusten diete».
Makrogranjen inguruan espainiar Estatuan sortu den polemikari erantzunez, Lakuak EAEn horrelakorik ez dagoela esan du. Ezagutzera eman dituen datuen arabera, 15.487 ustiategi daude erroldatuta, eta horietatik 11.249 dira abeltzaintza-ustiategiak. Nekazaritzan modu profesionalean aritzen diren pertsonen kopurua (gutxienez errentaren % 25 nekazaritza-jardueratik datorkiena) ia 5.000 da.
«Herrialde honek familia-nekazaritzaren alde egiten duen apustua betidanik oinarritu izan da indarrean jarraitzen duten lau premisatan: kalitatea, produktuaren trazabilitatea, ingurumenaren zaintza eta animalia-ongizatea. Gure eredua egungo eztabaida sozialean eta politikoan zalantzan jarritako ustiategiek dakartenetik oso urrun dago. Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu du egiturazko defizitak gainditzen laguntzeko, Euskadiko abeltzaintza-ekoizpena barne-merkatura bidera dadin», adierazi du Tapiak.
Horregatik, gaur egungo nekazaritza eta abeltzaintzako ereduari eutsi behar zaiola adierazi du Tapiak. Bide horretan, kontsumitzaileon «konplizitatea» ezinbestekoa dela nabarmendu du, «erosketa aukera egiterakoan gure lehen sektoreko produktuak aukeratzea eta, hala, familia-nekazaritzaren, Euskadiko lehen sektorearen eta jasangarritasunaren aldeko babesa eta konpromisoa erakustea».