NAIZ

Udalak Amara-Easoko hirigintza planaren kontratazioa isilean gorde duela salatu du Satorralaiak

Zonaldea urbanizatzeko lanen esleipena 2019an egin bazen ere, Udalak kontratua isilean gorde duela salatu du Donostiako Metroaren kontrako plataformak. Uste du proiektatutako planak kalte egingo diola hiriari, batez ere Amara Zaharra auzoari.

Easo-Amara zonaldea urbanizatzeko planaren irudikapena.
Easo-Amara zonaldea urbanizatzeko planaren irudikapena. (NAIZ)

Satorralaia Donostiako metroaren kontrako plataformak Amara-Easo inguruan Euskal Trenbide Sareak proposatu duen hirigintza plana gaitzetsi eta Udalak eta ETSk horren inguruan darabilten «ilunkeria» salatu du. HozFontan arkitektu estudioak idatzitako proposamenaren arabera, 36.350 m2 hartuko ditu proiektuak eta 450-500 etxebizitza berri eraikiko dira, zazpi eraikinetan banatuta.

«Hirigintza plan hori eremu osoa eraikinez betetzean datza eta negozio inmobiliario handi baten gisara planteatua da nabarmenki, hain zuzen ere ETSri trenbide orubearen errekalifikazio urbanistikoaren bidez plusbalia ahalik eta handienak irabaztea ahalbidetzeko. Esan gabe doa Amara Zaharra bereziki kaltetzen duela herritarren artean haserrea sortu duen gehiegikeria horrek», adierazi du Satorralaiak.

ETSz gain, Donostiako Udala ere kritikatu du herri mugimenduak, oniritzia eman duelako. Gogoratu du 2019ko apirilean esleitu zirela trenbide orubearen eta bere inguruko urbanizazioa diseinatzeko lanak, eta sei hilabeteko epean «eremu osoaren antolamendua zehatz-mehatz» definitu behar zutela. Satorralaiak salatu du «Udaletxeak une oro isilean gorde duela ETSek hirigintza planaren edukina aldez aurretik definitu duela erakusten duen kontratazioa».

Bestalde, gogoratu dute hirigintza plan hori «bere hastapenetik 2016 urtean metroaren egitasmoan plazaratu ziren finantziazio arazoak nolabait arintzen saiatzeko diru-iturri gisa agertu zutela, hain zuzen ere Diputazioak Donostiako metro pasantearen finantzaketan parte hartzea baztertu zuenean eta proiektua Europako finantzaketarik batere gabe gelditu zenean».

2016ko uztailean, Udalak metroaren obraren finantziazioan parte hartuko zuela argitaratu zen komunikabideetan, «udal iturrien arabera, Udalak metroaren obra finantzatzera bideratuko diren 30 milioi euro inguru jarriko dituela, ETSren jabetzako lurzoruen ustiapen urbanistikoen truke». Udalak egun zenbat milioi jarriko dituen galdetzen du Satorralaiak.

Hori denagatik, «metroaren eraikuntzari eta finantziazioari loturiko pelotazo inmobiliario» horren aurka agertu dira plataforma osatzen duten pertsonak. «Hiriarentzat hain kaltegarria bezain behargabekoa den azpiegitura lan handi hori gelditzeko eskatzen dugu berriro ere», adierazi dute.