Seaskako hogeitik gora irakasle deituak izan dira aurten Brebet azterketen prozesuan parte hartzeko. Asteazken honetan Kanbon eskainitako prentsaitzinean iragarri dutenez, ikasleek euskaraz idatziko dituzten Zientzietako azterketak ez badira zuzenduak izaten aurten ere beraiek frantsesez idatzitako azterketak zuzentzeari uko egiteko prest daude.
Gauzak argi uzteko, Hezkuntza Nazionaletik jasotako gutuna azterketen zuzenketan parte-hartzeko hautsi dute agerraldian.
Badira urte frango abian eman zuela Seaskak beraien ikasleek azterketak euskaraz idatziak eta zuzenduak izan daitezen borroka.
1986an aurkeztu zutela lehen aldiz Seaskako ikasleek Brebet azterketa euskaraz oroitarazi dute gaurko agerraldian.
1995. urtetik goiti frantses Hezkuntza Ministerioak onartu zuen Historia-Geografia azterketa euskaraz egitea eta, hala hola, Matekatikako ariketak ikasten zuten hizkuntzan idazteko parada ukan zuten bigarren mailako ikasleek.
2017an, lehen aldian, Zientzietako azterketak ere euskaraz zuzenduak izan ziren.
Handik aurrera, ordea, egoerak okerrera egin du. Denetarik pairatu behar izan dute Seaskako ikasleek azken urtetan. Batzutan euskarazko zuzenketak ezezatuak izan dira, bertze batzutan idatzitako kopiak bahituak izan dira eta hori gutxi balitz hainbatetan irakasle erdaldunen esku jarri dituzte azterketak zuzentzeko ardura.
«Aldi oro emaitza askoz apalagoak lortu dituzte gure ikasleek, 2021ean antolatu zen zuzenketa publiko ez ofizialak frogatu zuen bezala», salatu dute gaurko agerraldiaren bidez Seaskako irakasleek.
Mobilizazio anitz, jendartearen sostengu zabalarekin
Egoera hori agerian jarri nahian eta beraien ikasleen hizkuntz eskubideak bermatuak izan daitezen hamaika eskaera eta mobilizazio anitz egin dituzte azkenaldian irakasleek.
Hartara, iazko ekainean Donapaleuko zuzenketa zentroa okupazioa burutu zuten ikasle eta familien sostenguz.
Azterketak euskaraz egiteko aldarrikapenak babes zabala du euskal jendartean.
Baionan mobilizazio azkarra egin zuten, iazko maiatzean, Molac Legea errefusatua izan ondoren.
Bestalde, negoziaketek emaitzarik eman ez dutenean epaitegira joaz ere ahalegindu da auzia bideratzen Seaska.
Izan ere joan zen maiatzaren 31an Paueko admnistrazio epaitegiak bertan behera utzi zuen ikastolen federazioak aurkezturiko helegitea, egoera oraindik ere nekezagoa bilakatuz.
«Gure ikasleek lan handia egin dute ikasturte osoan zehar eta irakasle garen heinean beraien ahalegina behar dugula sostengatu pentsatzen dugu», azaldu dio NAIZi Piarres Larzabal kolegioan irakasle den Argitxu Uhaldek.
Horrendako, hilabete bukaeran Brebet azterketa pasatuko duten 250 bat ikaslerekin eta beraien familiek eginen duten ahalegina babestera datorrela irakasleen desobedientzia ekimena nabarmendu du.
Hezkuntza Ministerioak Seaskarekin duen hitzarmena errespeta dezala eta frantziar agintariek ofizialki onar dezatela hizkuntza gutxituetan azterketa pasatzeko eskubidea galdeginen dutela azterketak ez zuzentzeko hartu duten erabaki horrekin azaldu du Uhaldek.
«Finean, Herri Urrats kari dei zabala egin zen, hautetsiei, ikaslei, familiei, irakaslei… bakoitzak bere ardura hartuz aitzinera eramateko azterketak euskaraz egiteko aldarrikapena», laburbildu du Seaskak Ziburun duen kolegioan jarduten duen irakasleak.
Joan zen urteko ildoari segituz aurten ere Brebetako frogaren zuzenketak egiteari uko egiteko prest direla adierazi dute publikoki hainbat irakaslek Kanbon.
Bide batez bat egiten dutela Seaskak eta Azterketak Euskaraz kolektiboak luzaturiko mobilizazio deiarekin jakinarazi dute.