Maite Ubiria

Hendaia eta Paris arteko gaueko trena berriz ere martxan izango da uztailaren 1etik aitzin

Oui au train de nuit-Gaueko trenari bai izeneko kolektiboak baikortasunez hartu du SNCF tren konpainiak Paris eta Hendaia lotzen zuen gaueko trena berriz ere erreietan emateko erabakia. ‘Le Pyrenneen’ trenari harrera egiteko ekimenak eginen ditu larunbatean Hendaian eta Baionan.

‘Palombe Bleu’ izaneko gaueko trena berriz ere plantan emateko eta kostatik barnealdeko herrietara eramateko eginiko protesta bat.
‘Palombe Bleu’ izaneko gaueko trena berriz ere plantan emateko eta kostatik barnealdeko herrietara eramateko eginiko protesta bat. (Naiz)

‘Palombe Bleu’ ( Uso Urdina) izena zuen Hendaia eta Paris lotzen zituen gaueko trenak.

Gaueko 22.30 aldera Lapurdiko hiritik irten eta biharamunean, 07.00etarako, Paris-Austerlitz geltokira arribatzen zen berdin ikasle, langile edo bidaiari arruntari zerbitzu eroso bezain eskuragarria eskainiz.

Hegazkina eta AHTren aldeko apustuak gaueko trenaren itzaltzea ekarri bazuen ere, uztailaren 1etik goiti ‘Le Pyreneen’ (Pirinioetakoa) trena erreitan emanen du berriz SNCF konpainiak.

Oui au train de nuit-Gaueko trenari bai izeneko kolektiboak baikortasunez hartu du tren konpainiak hartu duen erabakia. Izan ere, aitzinean bezala, erabateko zerbitzua berreskuratzeko «bide luzea bada oraino» oroitarazi du agiri baten bidez.

Oraingoz uda garaian baizik ez da martxan izanen gaueko tren berria. Are, kolektiboa kexu azaldu da trena Hendaian geldituko delako, Irunera igaro gabe.

Horrendako uztailaren 2an goizeko 9.30ean Irungo tren geltokian espainiar Estatu mailan tren publikoa, soziala eta jasangarriaren alde lan egiten duen koordinadorak eginiko deialdiarekin bat egin du Oui au train de nuit-Gaueko trenari bai taldeak.

Irunen mobilizazioa deitu dute

Behin Irunen antolaturiko ekimena bururaturik, bi taldetako kideak Hendaiako tren geltokira bertaratuko dira 10.00etan Paristik helduko den lehenengo ‘Le Pyrineen’ trenari ongietorria egiteko.

Bestalde, arratsaldean, 17.00etan, eztabaida publikoa antolatua du Baionan eta 19.00etan elkarretaratzea deitu du Lapurdiko hiriburuaren tren geltokiaren aitzinean, ordu horretan abiatuko baita Hendaiatik atera eta Paris-Austerlitzen bere helmuga izanen duen gaueko trena.

Ipar Katalunian, berriz, gaueko trena eta oro har mugaz gaindiko tren zerbitzuaren maiztasuna hobetzeko beharra nabarmentzeko bertze ekimen bat antolatu dute egun berean.

Administratiboki frantziar Estatuan dagoen Cerbere herri katalana eta, mugaren bestaldean, Gironako Ampurda eskualdean kokatzen den Portbou herriaren artean martxa eginen dute.

Berdin Lisboan zein Madrilen, Europa erdialdetik iberiar Penintsula bitartean modu merke eta jasangarriagoan bidaiatzea ahalbideratuko lukeen gaueko tren sarea garatzeko lan egiten duten kolektiboek mobilizazioak deitu dituzte uztailaren 2an.