NAIZ

Tourrari boikota egiteko mehatxua egin dute ehunka ertzainek, diru gehiago eske

Mobilizazioak Tourrerako atzerako kontua markatzen duen erlojuaren ondoan amaitu da, Bilboko kaleak zeharkatu ostean.
Mobilizazioak Tourrerako atzerako kontua markatzen duen erlojuaren ondoan amaitu da, Bilboko kaleak zeharkatu ostean. (@ertzainas_lucha)

Soldatetan igoera izan ezean, uztailearen hasieran Euskal Herritik abiatuko den Tourra boikotetatzeko mehatxua egin dute ehunka ertzainek astelehen arratsalde honetan Bilboko kaleetan. Udalak 2.000 lagun inguru zenbatu ditu mobilizazioan, baina antolatzaileek 4.000tik gora izan direla ziurtatu dute.

Lan hitzarmena negoziatzeko baliatu nahi dute txirrindularitza lasterketa polizikide hauek. Soldata igoerekin batera, Ertzaintzak «urte askotan jasaten dituen gabeziak eta antolakuntza mailako kaosa» salatu nahi dute.

Momentuz plataforma baten bidez bultzatzen ari da protesta hau, sindikatuak alde batera utzita. ‘Ertzainas en lucha’ izena duen kontutik ari dira mezuak zabaltzen.

 

 

Mobilizazioa San Mamesetik abiatu da 17.00etan, eta hiriko zenbait toki adierazgarri zeharkatu ostean Udaletxearen aurrean amaitu da. Zehatzago, Tourra uztailaren 1an abiatzeko falta diren egunak seinalatzen dituen erlojuaren ondoan bildu dira parte hartzaileak. Horrekin lasterketa arriskuan dela nabarmendu nahi izan dute. ‘Hitzarmen duinik gabe ez dago Tourrik’, ziurtatu dute.

Antolatzaileen esanetan, Segurtasun Sailarekin duten desadostuna konponduko ez balitz, «nazioartean garrantzi handia duen Frantziako Tourraren segurtasuna kolokan egon daiteke».

Negoziatzeko deia egin diote, beraz, Josu Erkoreka buru duen sailari, jada hamabi urteko bidea egin duen hitzarmena «zaharkitua» dagoela adierazita.