NAIZ

Diaz de Rabago epaileak EH Bildurentzat botoa eskatu izanak oihartzun handia izan du

Diaz de Rabago epaile ohiak EH Bildurentzako botoa eskatzeak hautsak harrotu ditu. «Estokolmo sindromea» izatea leporatu diote batzuek, eta besteek bere «ausardia eta koherentzia» txalotu. Baina ez da lehen aldia, urteak daramatza ezkerreko fronte baten alde egiten.

Manuel Diaz de Rabago epaile ohiak, igande honetan ezagutzera emandako bideo batean, EH Bilduren aldeko botoa eskatu du. Eta honek hautsak harrotu ditu. Bideoan, ETAren mehatxupean egon zela eta hamar urtez bizkartzaina eraman zuela gogorarazi du, eta «eskuinak eta ultraeskuinak» koalizioaren zerrendetan preso ohiak egoteagatik hauteskunde kanpainari «eman dioten instrumentalizazioa» arbuiatzeko eskatu du.

«Hamar urte baino gehiagoz, epaile naizen aldetik, eskolta izan dut, eta gainera nire datuak zituzten ETAko komandoetako bik. Horrek ez dit eragozten niri, gaur egun, jarduera terrorista desagertu eta ETA desegin ondoren, EH Bilduri babesa eta botoa ematea. Iruditzen zait oso proiektu beharrezkoa dela ezkerrarentzat, bai Euskal Herrian, bai Estatu espainiarrean. Ni espainiarra sentitzen naiz, ez euskalduna, nahiz eta 50 urte daramatzan hemen bizitzen. Hori da nire sentimendu nazionala. Ezkerrekoa naiz guztiaren gainetik, eta ezkerreko alderdiei eman diet botoa beti. Ez beti berdinari. Eta orain ere gertatuko da. Bilduri emango diot botoa. Ezkerraren barruan gehiengoa duen alderdia da, bai nire Udalean (Donostian), bai Gipuzkoan», adierazi du.

Hedabideek albistea ‘ETAk mehatxatutako epaile-ohi batek EH Bilduren aldeko botoa eskatu du’ edo ‘EH Bilduren zuriketa’ bezalako titularrekin zabaldu dute. Eta sareak mezu ugariz bete dira. Aldeko zein kontrako mezuak. «Estokolmo sindromea» izatea leporatu diote askok.

Beste askok, baina, txalotu egin dute. «Ausarta, argigarria eta koherentea», defendatu du batek. «Jarrera ausarta, eskuina eta biktimen mina politika egiteko erabiltzea erretratatzen duena», beste batek.

Hala ere, ez da posizionatzen den lehen aldia. Bideoaz gain, atzo NAIZen argitaratutako gutun batean «Donostiak aldaketa bat behar duela» adierazi zuen, beste 60 bat sinatzailerekin batera. Era berean, 2020an, Gemma Zabaletarekin (PSEko Lakuako Gobernuko sailburu ohia), Javier Madrazorekin (sailburu ohia eta IU-EBko buru ohia) eta Daniel Arranzekin (Bizkaiko gobernadore zibil ohia) batera, ‘La izquierda con la que construir una nueva Euskal Herria’ gutuna argitaratu zuen. Gutun horretan, bat egiten dute «alternatibarako bokazioa duen, loturarik gabeko eta etorkizunera begiratuko duen indar batasunaren alde» egiteko, «EH Bilduren inguruan bilduta, hori egiteko moduan dagoen espazio eta alderdi politiko bakarra» delako.

Horrek, baina, ez zuen kanpaina betean botoa eskatzeak izan duen oihartzuna izan. Eta, bide batez, EH Bilduren zerrenden inguruko eztabaida gaindituta, koalizio soberanista berriz ere, Estatu mailan, kanpainaren erdian jartzea ahalbidetu du.