NAIZ

87 urteren ondoren aitaren hezurrak berreskuratuko ditu azkenik Pepi Berasategik

Oiartzungo Udalak iragarri duenez, datorren larunbatean jasoko ditu Pepi Berasategik bere aitaren hezurrak. 1936an erail zuten faxistek, Pepik urtebete besterik ez zuenean.

Joan den ostiralean eman zieten Hipolito Berasategiren gorpuzkiak dituen kutxa Aranzadiko ikerlariei, Pepi alabari entregatzeko.
Joan den ostiralean eman zieten Hipolito Berasategiren gorpuzkiak dituen kutxa Aranzadiko ikerlariei, Pepi alabari entregatzeko. (OIARTZUNGO UDALA)

Pepi Berasategik bere aitaren hezurrak berreskuratuko ditu datorren larunbatean 1936An erail zuten faxistek Hipolito Berasategi Alcalde donostiarra Oiartzunen, eta 1977tik kanposantuko Oroimenerako frontoia hilobi monumentuan izan da.

Oiartzungo Udalak ohar batean azaldu duenez, Berasategi Hernanin fusilatu zutela pentsatu izan du beti bere familiak. Hain zuzen Hernani izan zen fusilamendu gehien izan zituen Gipuzkoako herria. Bigarrena, Oiartzun.

1936ko uztailaren 27an sartu ziren militar frankistak herrian eta demokratikoki aukeratutako udalbatza desegin zuten. Alkatea eta zazpi zinegotzi abertzaleak atxilotu edo atxilotzeko agindu zuten eta horietako bi, Leontzio Aranburu Agirre eta Manuel Irigoien Mitxelena, fusilatu egin zituzten. Baita Segundo Berrondo Retegi zinegotziaren 18 urteko Joxe Mari semea ere, aita ez zutelako aurkitu.

«Ehundik gora lagun hil zituzten herrian. Asko kanposantuko hormaren kontra fusilatu zituzten. Beste asko Iragorriko hilerrian», nabarmendu du memoria historikoa berreskuratzeko lanean aritu den Udalak.

Izan ere, «herri aitzindaria izan da Oiartzun memoria historikoa berreskuratzeko lanketan. Francisco Franco diktadorea hil berritan hasi ziren oiartzuarrak eta Udala gertatu zenaren egia, justizia eta erreparazioaren bila. 2007an onartu zuen Espainiako Gobernuak Memoria Historikoaren Legea eta ondoren hasi ziren toki gehienetan biktimen eskubideak lantzen. Ordurako 30 urteko bidea egina zuen gure herriak».

Udalaren esanetan, 2005ean memoria historikoa lantzen duen Kattin Txiki elkartearen sorrerak «aire freskoa ekarri zuen». Egin zituzten ikerketei esker gorpu gehiago aurkitu zituzten Iragorriko kanposantuan, eta 2021ean Kattin Txiki eta Udalaren iniziatibaz hilobian gordeta zeuden hezurrak katalogatzeko proiektua martxan jarri zen, bertan dauden gorpuak identifikatzeko saiakera berria egiteko.

Biktima horien artean zegoen Berasategi. Oiartzungo herriaren izenean joan den ostiralean eman zieten gorpuzkiaren kutxa Joana Mendiburu alkateak eta Joxan Mitxelena eta Ramon Gaztelumendi Kattin Txikiko kideek Aranzadiko ikerlariei, Pepi alabari entregatzeko.

«Emozioz betetako omenaldia izan zen eta bertan parte hartu zuten udal taldeko kideek, alkate eta zinegotzi ohiek, Kattin Txiki eta herriko beste hainbat eragilek eta hamarnaka oiartzuarrek», nabarmendu du Udalak.

Lana ez da amaitu, oraindik asko daude desagertuak

Mendiburu eta Gaztelumendiren esanetan, «egindako lanak Hipolitoren familian zauria ixteko balioko duela desio dugu. Eta asko poztuko ginateke beste gorpuzki batzuk ere identifikatzea lortuko balitz eta beste familia batzuetan dagoen bilaketa ariketa hau ixteko aukera izango balute».

Gogoratu zutenez, oraindik oiartzuar asko daude desagertuak, identifikatu ez direnak. «Hemen, hilobian, beste 27 gorpuzki ditugu jakin gabe nortzuk diren», esan zuten, eta «orain arte bezala» laguntzen jarraitzeko konpromisoa hartu zuten: «Gure eskuetan dagoena egingo dugu beste hezur batzuk ere identifikatzea lortzeko».

Ostiralean bertan egon ziren Aranzadiko ikerlariak Oiartzunen gordetako hezurren lagin berriak ateratzen DNA probak egiteko.