NAIZ

Amazoneko beharginek Trapagarango planta «geldirik utzi» dute, «nazkatuta» daudela adierazteko

Trapagarango Amazoneko langileek greba egin dute astelehen honetan ere, «lantegia geldirik» utzita. Manifestazioa ere egi ndute, «nazkatuta gaudela adierazi» eta lan baldintza hobeak lortzeko «negoziazioa behingoz ahalbidetu dadila exijitzeko».

Amazoneko langileen manifestazioa, Trapagaranen.
Amazoneko langileen manifestazioa, Trapagaranen. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

LAB eta ELA sindikatuek deituta, Amazoneko langileek «geldirik utzi dute» Trapagarango planta eta manifestazioa egin dute herrian barrena, «nazkatuta gaudela adierazi eta negoziazioa behingoz ahalbidetu dadila exijitzeko».

Salatu dutenez, Amazonen irabaziak «erraldoiak» izan arren, Trapagarango lantegiko arduradunek «ez dute inolako borondaterik erakusten beharginak aspaldidanik eskatzen ari diren lan-baldintzen hobekuntza negoziatzeko».

Asteburuan hasitako grebak «jarraipen zabala» izan duela nabarmendu dute sindikatuek eta, azken bileran enpresak izan zuen jarrera «ezin itxiagoa»ren aurrean aldi baterako laneko enpresetako beharginak ere batu dira grebara. Erabaki honen aurrean enpresak «mehatxu» eta «presioekin» erantzun duela gaitzetsi dute sindikatuek.

Nolanahi ere, grebari esker lantegiaren ohiko funtzionamenduari «oztopo nabarmenak» eragitea lortu dutela nabarmendu dute: «Esate baterako, ez dira kamioiak kargatzen eta deskargatzen ari, noiz eta Gabonen atarian gauden honetan».

Igande eta astelehenean egin duten bezala, urte berria ere protesta eginez hasiko dute. Izan ere, urtarrilaren 3an, 4an eta 5ean ere greba deialdiak dituzte, «behingoz entzun gaitzaten».