Usansoloko Haurtzaroa taldea sinadurak biltzen hasi da change.org atarian, Osakidetzari eskatzeko pediatra bat lanaldi osoan jar dezala Usansoloko anbulatorioan. Otsailaren 2an jarri zuten martxan kanpaina eta jada 450 sinaduratik gora lortu dituzte.
Sinadura-bilketaren bultzatzaileek salatu dutenez, Usansolok, 4.570 biztanle dituen herriak, pediatra bakarra du umeak zaintzeko. Pediatra horrek gainera, ez du lanaldi osoko jardunaldia eta ez da egunero egoten osasun zentroan.
Azaldu dutenez, «osasun-zentro bakoitzari pediatra bat dagokio 0-14 urte bitarteko 800 biztanleko» eta, beraz, «konpondu beharreko arazoa» dela uste dute.
Gaineratu dutenez, Usansoloko anbulatorioan pediatrarik ez dagoen egunean, Galdakaoko anbulatoriora joan behar izaten dute, 4 kilometrora. «Edozein arrazoirengatik ezin badizute kasu egin, Basauriko EAGra (Etengabeko Arrega Gunea) jo beharko genuke eta, han, gure seme-alabak artatuko dituena ez da pediatra bat izango», salatu dute.
Azken aukera gisa, zehaztu dutenez, Gurutzetako edo Basurtoko ospitaleetako pediatriako larrialdi-zerbitzuetara jo beharko lukete, baina «egoera hori ez da gomendagarria –ohartarazi dute–, kolapsatu egin baitezakete eta ez lirateke benetako larrialdiak artatuko».
Salatu dutenez, «urte asko» daramatzate egoera horretan eta «okerrera egiten ari da». «Gure seme-alabek merezi duten arretarik ez dugu, ez da normala astebete itxaron behar izatea osasun-zentroan arreta jasotzeko; gure 0 eta 14 urte bitarteko biztanleria handitu egin da, eta Osakidetzari eskatzen diogu egora berehala konpontzeko» pediatra bat «lanaldi osoan» jarrita, adierazi dute.