NAIZ

Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak Lakuaren Osasun Sailaren bide-orria ez dela nahikoa salatu du

Tolosaldeko Alkate Mugimenduak osasun zerbitzuak ez duela hobera egin eta «zerbitzuaren degradazioaren pertzepzioa zabaldu» dela mahaigaineratu du. Lakuako Osasun Sailak proposatutako ospitale berriarekin kritiko agertu dira, eta Asuncion Klinikaren publifikazioa bultzatuko dutela gaineratu.

Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak agerraldia egin du osasun sitemaren egoeraren berri emateko.
Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak agerraldia egin du osasun sitemaren egoeraren berri emateko. (Jaizki Fontaneda | FOKU)

Tolosako anbulategiaren aurrean elkartu dira astelehen goizean Tolosaldeko Alkateen Mugimenduko ordezkariak eskualdeako osasun zerbitzuen balorazioa plazaratzeko. Tolosako anbulategia sortu zenetik lau urte igaro diren unea baliatu dute egoeraren irakurketa egiteko; «egoerak geldirik» jarraitzen duela kritikatu dute eta «zerbitzuaren degradazioaren pertzepzioa gero eta zabalduagoa» dela gaineratu. Bigarren mailako osasun arreta jasotzen da Tolosaldean» salatu dute alkateek. Lakuako Osasun Sailak proposaturiko ospitale berriarekin ere kritiko agertu dira.

Tolosaldeko osasun arretarekin kezkatuta zeuden eta herritarren eskaerei erantzun bat bilatu asmoz sortu zuten eskualdeko zenbait alkatek Tolosaldeko Alkateen Mugimendua, «nahiz eta osasun arreta ez izan udalen zuzeneko eskumena». Alkate Mugimenduaren helburua osasun arreta publiko egoki bat izatea dela aldarrikatu dute, eta horretarako, ezinbestekoa iruditzen zaiela ospitale publiko integral bat izatea: «Eskualdean lehen arreta indartsua eskainiko duena eta gure hizkuntzan artatuak izateko eskubidea bermatuko diguna. Hau guztia, nola ez, Asuncion Klinikako langileen eskubideak eta etorkizuna albo batera utzi gabe».

Jakinarazi dute Gotzone Sagardui Lakuako Osasun sailburuarekin bilera bat egin zutela abenduaren 11n.  Eskualdeko lehen arretaren egoeraz, etorkizuneko hizkuntz irizpideez eta Asuncion Klinikaz zein bertako langileen etorkizunaz hitz egin zutela azaldu du Alkateen Mugimenduak.

Ospitale berriaren kokapenaren inguruko kezken berri ere eman zioten: izan ere, azaleraz espazio mugatua dela uste dute, trafiko handiko gunea dela eta ordu jakinetan kotxe ilara luzeak sortzen direla. Sailburuak erantzundakoa ere plazaratu dute: «Eskualdeko ospitalea, Iruñea hiribideko aparkalekuan, suhiltzaile etxearen aurrean eta Iurreamendi egoitzaren azpian, eraikitzeko erabakia irmoa da».

2024ko aurrekontuetan proiektua idazten hasteko partida aurreikusi dutela adierazi zien sailburuak, eta 2029an bukatzea aurreikusten dela azaldu. Zerbitzuei dagokionean, Sagardui «plan funtzionalak jasotzen dituenetara mugatu zen, ekarpenak egiteko aukerak erabat itxiz» esan dute alkateek.

Asuncion Klinikaren publifikatzea

Jakinarazi dute Asuncion Klinikari dagokionean, Lakuak ez duela inolako irtenbide berririk jarriko: «Argi utzi du ez duela Asuncion Klinika publifikatzeko inongo asmorik. Ospitale berria eraikitzeko erabakia irmoa dela jakinarazi digute eta eraiki bitartean, hau da, 2029ra bitarte, orain arte bezala, Asuncionekin hitzarmena sinatzen jarraituko dute». Gaineratu dute eskualdeko enpresarik handiena dela, 350 langile dituela eta urteak daramatzatela zerbitzu publiko bat ematen, horregatik, bertako langileen etorkizuna argitu arte eskualdeak osasun arretarekin duen arazoa ez dela konponduko.

«Denbora aurrera doa, eta eskualdeko osasun zerbitzua ez doa hobera. Osasun Sailak duen bide-orria ez da nahikoa Tolosaldeko osasun arretari bere osotasunean erantzuteko. Alkate mugimenduak, bere herritarren osasun arreta erdigunean jarriz, duen ardurari helduko dio eta lanean jarraituko du, herritar, langile, erakunde eta bestelako agenteekin elkarlanean. Alde guztien arteko adostasun zabala da osasun arreta egoki bat izateko bermerik onena».

Osasun Sailak mahai gainean jarritako ospitale berriaren plana sakon aztertu behar dutela adierazi du Alkateen Mugimenduak, «eta orain arteko zerbitzua berbera bada, aukeretako bat oraingo Asuncion Klinika publifikatzea izango litzake eta eskualdeko Lehen Arreta orokorki indartzea». Azterketa finantziario bat ere egingo dutela azpimarratu dute, beste kokalekuren bat mahai gainean jartzearekin batera.