Azpeitiko inauterietan, igandean ospatzen den Elegante Egunean, bi emakumeri sexu erasoa egitea egotzita atxilotu zuten gizona espetxeratu egin dute astearte honetan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez. Halaber, beste hiru emakumek salatu dute eraso egin dietela Tolosako inauterietan, eta bi gizon atxilotu ditu Ertzaintzak.
Bi neskak pasa den igandean jasan zituzten sexu erasoak salatzera elkartu zen atzo Azpeitian hainbat herritar, eta inauterietako programazioa bertan behera utzi zuen Udalak. Astearte honetan erasotzailea espetxeratzeko agindua eman du udalerri horretako Lehen Instantziako eta Instrukzioko Epaitegiak, behin-behinean eta fidantzarik gabe. 24 urte ditu gizonezkoak.
Lakuako Segurtasun Sailak azaldu duenez, igande gauean emakume bati sexu erasoa egin zioten Azpeitiko kale batean, eta, gertatutakoaren berri izan ondoren, Ertzaintzak eta bertako Udaltzaingoak erasoaren ustezko egilea atxilotu zuen. Atxilotua Urola-Kostako komisarian zegoen bitartean, beste emakume bati ere eraso egin ziola jakin zuten agenteek.
Bada, atxilotutako 24 urteko gizonezkoa astearte goizean eraman dute epailearen aurrera, eta Azpeitiko Lehen Instantziako eta Instrukzioko Epaitegiak behin-behinean espetxeratzeko agindua eman du.
Bi atxilotu Tolosan
Bestalde, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, beste bi gizon atxilotu dituzte astearte honetan, Tolosan hiru emakumeren kontra sexu erasoak egiteagatik. Igandean 28 urteko gizon batek bi emakumeri egin zien eraso, 21.00ak aldera, eta gertakarien unean atxilotu zuten. Adin txikikoa da nesketako bat.
Astelehenetik astearterako goizaldean atxilotu du Poliziak bigarren gizon bat, 37 urtekoa, 05.15ak aldera. Honek ere adingabe baten kontra egin zuen, kalean.
Astearte arratsalde honetan protesta egin dute Tolosan erasook salatzeko.
Exhibizionismoa
Gainera, Tolosako Udaltzaingoak hirugarren gizon bat atxilotu zuen pasa den astelehenean, kasu horretan adin txikiko neska talde baten aurrean exhibizionismoa egiteagatik.