2.000 pertsona baino gehiago atxilotu dituzte azken bi asteetan Ameriketako Estatu Batuetako hainbat unibertsitatetako campusetan izan diren protesta propalestinoen baitan, bertako hedabideen zenbaketaren arabera.
Protesta hauekin, ikasleek unibertsitateei Israelekin lotutako babesleekin edo enpresekin dituzten loturak mozteko eskatu diete, eta salatu dute Estatu Batuek ia baldintzarik gabe babesten dutela Israel Gazako Zerrendan gauzatzen ari den erasoa.
Manifestariek Kaliforniako Unibertsitatean altxatutako kanpamentua desegin zuen atzo Poliziak. Bertan 500 bat lagun zeuden eta 300ek bere kabuz alde egin ostean, beste 200ak atxilotu egin zituzten.
Los Angelesko Poliziak, gainera, esku hartu du bertan kanpatutako Palestinaren aldeko gazteek eta kontzentrazioari amaiera eman nahi zioten kontramanifestatzaileek eragindako liskarren ondorioz. Unibertsitateak legez kanpokotzat jo zuen kanpamendua, herrialdeko hainbat ikastetxetan Palestinako herriari babesa emateko jarritako beste batzuen antzekoa.
Graeme Blair zientzia politikoetako irakasleak «hain beharrezkoa ez den» Poliziaren ekimena deitoratu du. «Unibertsitateak eta agintariek tentsioa murrizteko aukera izan zuten. Bart Polizia oso berandu bidali zuten estremisten aurka, eta orain manifestazio baketsu batean parte hartzen ari diren ikasleak erasotzen ari dira», adierazi dio AFPri.
New Yorkeko Columbia Unibertsitatea ere protesten epizentro nagusietako bat bihurtu da. Asteartean, 400 pertsona inguru atxilotu zituzten, Poliziak campusean dagoen Hamilton Hall eraikin sinbolikoa hustu ahala.
Atxiloketa horiek Portlandeko Estatu Unibertsitatera, Arizonako Unibertsitatera, Indianako Unibertsitatera, Washingtongo Unibertsitatera, Emerson Collegera, Noreastern Unibertsitatera, Texasko Unibertsitatera, Dartmouth Collegera, Yalera, Virginia Techera eta Kaliforniako Hegoaldeko Unibertsitatera ere hedatu dira.
Joe Biden presidenteak «manifestazio baketsuen eta indarkeriazko ekintzen arteko lerro bat» marraztu du, eta herritarrei «desordena publikoko delituak saihesteko» eskatu die, Guardia Nazionalaren esku-hartzea baztertzen duen bitartean. «Ez gara jendea isiltzen duen herrialde autoritario bat», ziurtatu du Bidenek hitzaldi labur batean.
Aurretik, Donald Trump bere aurkari errepublikanoak Palestinaren aldeko mugimenduaren aurrean ezer ez egitea leporatu zion. «Zomorro arraro batzuk dira, ezker erradikalekoak, eta orain geldiarazi egin behar ditugu», esan zuen New Yorkera iritsi zenean.