NAIZ
Donostia

Palestinari babesa adierazi eta EB «genozidioaren konplize» dela salatzeko kanpaldia Donostian

Palestinar herriari elkartasuna adierazteko eta Europako Batasuna «genozidioaren konplize» dela salatzeko kanpaldia hasi dute bart Donostiako Artzai Onean Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) deituta. Ostiral arratsaldera arte luzatuko da.

Kanpin dendak Artzai Onaren plazan, Donostian.
Kanpin dendak Artzai Onaren plazan, Donostian. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Palestinaren askatasuna aldarrikatzeko, Israelgo Estatua egiten ari den sarraskia salatzeko eta Europar Batasunak genozidioan duen erantzukizuna seinalatzeko» kanpaldia hasi dute bart Donostiako Artzai Onaren katedralaren aurrean Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) deituta.

Ohar batean nabarmendu duenez, azken hilabeteetan Palestinan «ikusten ari garen basakeriak mugarik ez duela dirudi: hamarnaka milaka hildako, milioika desplazatu, Gazako Zerrendako etxebizitza eta oinarrizko baliabideen suntsipen erabatekoa, atxilotu eta torturatuak, errefuxiatu-guneen eta ospitaleen bonbardaketak, gosea gerra-arma gisa erabiltzea.... Sionismoa urritik hona egiten ari den erabateko ofentsiba urteetan luzatu den kolonizazio eta garbiketa etniko prozesu luze baten beste urrats bat da, gelditu ezean, errepikatzen jarraituko duen prozesu batena».

GKSren iritziz, elkartasuna eta salaketa «alferrikakoak dira gertuen dauzkagun erantzuleak seinalatzen ez baditugu». Izan ere, «Europako gobernuek, NATOren mandatuei jarraiki, Israel armaz hornitzen, diplomatikoki sostengatzen eta berarekin harreman komertzial estuak izaten jarraitzen dute». Mendebaldeko gobernuen eta alderdi politikoen «hipokresia» ere gaitzetsi dute, «konponbide baten eta bakearen alde mintzo diren bitartean, Israelgo estatu genozida hainbat modutan sostengatzen baitute».

Horregatik, kanpaldiarekin, Europako Batasunak, «NATOren aginduei jarraituz, palestinar herriaren sarraskian duen konplizitatea» salatu eta, «behingoz, Israelgo Estatuaren aurkako neurriak har ditzatela exijitu» nahi dute. «Mobilizazio herritarrak biderkatuz eta hainbat frontetatik presioa eginez soilik lortuko dugu Israelen aurkako neurriak hartzea».

Kanpaldia ostiral arratsaldera arte luzatuko da, gaur eguerdian egin duten agerraldian azaldu dutenez.

Manifestazioa arratsaldean

Ostegun arratsalde honetan, manifestazioa egin dute Donostian, Europar Batasunaren eta NATOren kontra. PSOE eta Kutxabank seinalatu dituzte manifestazioan zehar, «sarraskiaren konplize izateagatik eta sionistekin negozioak egiteagatik».