Ernai gazte antolakundeak «gazte borroka geldiezina» dela aldarrikatuko du irailaren 8an Donostian, ‘Bat eginez independentziara’ lelopean. Mobilizatzeko deia egin dute gazte independentistek Mozal Legea baliatu eta «antolakundearen aurkako operazioaren aurrean» isilik geldituko zutela uste zutenei oker zebiltzala esateko, «gero eta gazte independentista gehiago gara, eta kaleak hartzen jarraituko dugu», adierazi dute sare sozialen bidez.
Ernairen kontrako operazio honen aurrean gazte borroka geldiezina dela aldarrikatuko dugu irailaren 8an Donostian.
— Ernai (@ernaigazte) June 19, 2024
Isunen eta oztopoen gainetik independentziaren aldarria egiten jarraituko dugu. ➡️
Irailaren 8an Gazteok Donostiara!#BatEginez independentziara! pic.twitter.com/vSHF3w8NMG
Kontxako estropaden finalaren egunean egingo dute mobilizazioa, eguerdiko 13.30ean Bulebarretik hasita. Ez da hilabete ere Ernaik «antolakundea ekonomikoki itotzeko eta politikoki deuseztatzeko» egindako saiakera salatu zuenetik. Izan ere, 2023ko irailean Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteen espetxeratzea salatzeko egindako ekimenen ondorioz 133 kide identifikatu eta ororatara 290.500 euroko isunak heldu zitzaizkien.
Mozal Legea aplikatu zitzaien eta «antolakundearen jardun politikoa hipotekatzea eta proiektuarekin aurrera ezin egitea» izan ziren gazteen ustez zigor hori jartzeko arrazoiak. Isunen atzean Lakuako Segurtasun Saila dagoela salatu zuten, eta zigor «desproportzionatuak» jaso dituztela kritikatu.
«Kolpe larria» jaso zutela aitortu zuten, baina ez direla «geldirik geratuko» aurreratu zuten. Kanpaina ekonomikoak martxan jarraitzen du, elkartasun zozketa eta crowfoundinga abiatu zuten pasa den hilabetean. Eta irailera begira kaleak hartzen jarraituko dutela esan dute.