NAIZ

Bost sexu eraso salatu dira Gasteizen azken hamar egunetan, «horietatik lau bortxaketak»

Asteazken goiz honetan elkarretaratzea egin du Gasteizko Udalak azken egunetan salatu diren sexu erasoak gaitzesteko. Atzo jakin zuten emakume batek bortxatua izan dela salatu duela, abian da ikerketa eta ustezko erasotzailea espetxeratu dute. Baina hamar egun hauetan kasu asko izan da: bost.

Gasteizko udalak egindako elkarretaratzea, sexu-erasoak gaitzesteko.
Gasteizko udalak egindako elkarretaratzea, sexu-erasoak gaitzesteko. (NAIZ)

Gasteizen azken hamar egunetan izandako sexu-erasoak salatzeko elkarretaratzea egin du asteazken goiz honetan Gasteizko Udalak. Iñaki Gurtubai Zainketen eta Herritarrentzako Zerbitzuen Arloko arduradun politikoak eman ditu xehetasunak. Orotara, bost sexu-eraso salatu dira hamar egunotan, «horietako lau bortxaketak izan dira», zehaztu du.

Astearte iluntzean jakin zuten azken salaketaren berri, «datu gutxi daude, baina emakume batek salatu du bortxatua izan zela», adierazi du zinegotziak.

Erasoa Errota Zahar auzoko «lokal okupatu batean» gertatu zela azaldu du Gurtubaik, eta jende gehiago zegoela aurreratu du, ikerketa abian dagoenez beste ezer ezin duela aurreratu esan du.

47 urteko gizona, espetxera

Ustezko erasotzailea, 47 urteko gizon bat, atxilotuta eta epailearen aurretik pasa zain zegoela nabarmendu du zinegotziak, baina asteazken arratsalde honetan jakinarazi dute espetxeratu egin dutela.

Justizia «zorrotza» izatea nahi duela adierazi du zinegotziak, bai atxilotu horrekin, bai azken hamar egunetan Gasteizen izandako 5 sexu erasoengatik atxilotutako beste 3 lagunekin ere. Mugimendu Feministak egindako mobilizazioan hamaika erasoren berri bazuela gaineratu zuen, eta Neskek eta Blusek ere zazpi zenbatu zituzten jaietan egindako protestan.

Bost salaketa Udalaren arabera

Gasteizko Udalak jakinarazi duenez, bost sexu eraso salatu dira azken hamar egunetan Gasteizen. Astelehen honetan jakin zuten 35 urteko gizon bat atxilotu zuela Udaltzaingoak bere bikotekide ohiari erasotzeagatik. Gasteizko Udaltzaingoak atxilotu zuen igandean gizona.

Gasteizko Udaltzainek 24 urteko gazte bat atxilotua zuten hilaren 7an abuztuaren 6ko gauean adingabe bati ukituak egiteagatik. Eta baita 33 urteko beste gizon bat ere bere bikotea kolpatzeagatik, Ariznabarra auzoan. Azken kasu honetan, lehenagotik ere erasoen markak zituen emakumeak poliziak emandako datuen arabera.

21 urteko beste gazte bat ere atxilotu zuen Ertzaintzak pasa den ostiralean, abuztuaren 6ko gauean, sare sozialetatik ezagututako neska batekin geratu eta Zabalgune auzoko trasteleku batean sexu erasoak egiteagatik. Ertzaintzak atxilotu zuen gaztea, eta ikerketa ere beraien eskuetan dago.

Mobilizazioak

Gasteizko Mugimendu Feministak eta Blusen eta Nesken taldeak ere mobilizazioak egin zituen Gasteizko Jaietan zehar, eta eraso orori «erantzungo» ziotela jakinarazi zuten. Biktimei beren «babes osoa» eskaini zioten elkarretaratzeetan.

Mugimendu Feministak, bestalde, abuztuaren 8an egindako ekitaldian adierazi zuten «nazkatuta» daudela indarkeria matxista jasateaz. Eta azpimarratu zuten «jaietan ere akonpainamendu eta erantzuneatrako protokoloen beharra» dagoela. Eta «guztientzat gozagarriak izango diren jaien alde» jarraituko dutela aldarrikatu zuten.

Udalak, bestalde, adierazi zuen «gogor gaitzetsi eta arbuiatzen» zituela jazotako sexu-erasoak, eta beraien esku dauden «baliabide psikologikoak, juridikoak, osasun arlokoak, babesta ematekoak eta harrerakoak» emakumeen esku jarri zituela gaineratu zuen. «Indarkeria matxista giza eskubideen urraketa larria eta lehen mailako arazo soziala» dela, eta konpromisoa hartu du «bere eskumenen egikaritzan laguntzen eta lan egiten jarraitzeko, indarkeria matxistarik gabeko bizitzak bermatzeko», aldarrikatu zuen.