Datorren maiatzaren 18an egingo duen ekimenaren bitartez, euskal presoei aplikatzen zaizkien salbespeneko neurriak bertan behera uztea eskatuko du Herrira mugimenduak, Beñat Zarrabeitia bozeramaleak azaldu duenez, «beharrezkoa baita milaka pertsonen sufrimenduarekin amaitu, giza eskubideak errespetatu eta bakea eta konponbidearen alde urratsak emateko».
Aldarrikapen horrek euskal jendartearen «gehiengo zabal eta askotariko baten» nahiaren isla gisa, Euskal Herriko 200 plaza baino gehiago beteko dira maiatzaren 18an.
Hala eta guztiz ere, aldarria «lau haizetara» zabaldu nahi du Herrirak eta, bide horretan, gonbitea luzatu diete atzerrian dauden euskal herritarrei bezala, munduan zehar elkartasuna adierazi nahi dutenei, beren bizitokietako plazetara joan eta ekimenarekin bat egin dezaten.
«Irlandan edo Hegoafrikan suerta bezala, espetxe politikaren aldaketa, konponbidea eta bakea erdiesteko garaia delako, munduan zehar ere aldarri honi hauspoa ematea oso garrantzitsua» dela nabarmendu du Zarrabeitiak.
Gaineratu duenez, konfirmatuak dituzte dagoeneko munduan zehar burutuko diren elkarretaratze batzuk eta lanean jarraitzen dute hitzordu gehiago lotzeko. Ekimenean parte hartzeko nahi dutenei eta edozein material behar dutenei begira, herrira@herrira.org helbideren bitartez emango du Herrirak informazio guztia.