Naiz.info
Urruña

Estatu frantsesa salatu dute Jon Anzaren senideek ikerketako gabezien erantzule gisa

Apirilaren 18an bost urte bete ziren Jon Anza donostiarra desagertu zenetik eta ekitaldia egin dute Urruñan bere oroimenez. Oraindik orain ez dira gertatutakoaren nondik norakoak argitu eta bere senideek salaketa aurkeztu dute Estrasburgoko epaitegian, benetako ikerketarik egon ez dela argudiatuta. Parisen ere ezarri dute salaketa, kasu honetan Estatu frantsesaren aurka, auzian izandako gabeziengatik.

Jon Anzaren desagerketaren bosgarren urteurrenean ekitaldia egin dute Urruñan. (KAZETA.INFO)
Jon Anzaren desagerketaren bosgarren urteurrenean ekitaldia egin dute Urruñan. (KAZETA.INFO)

Apirilaren 18an bost urte bete ziren Jon Anza desagertu zenetik eta ekitaldi berezia egin dute gaur Urruñan, hura gogoan. Ehun lagun inguru izan dira bertan, ‘Egia nahi dugu’ lelopean. Urruñako plazan abiatu da ekitaldia txalaparta doinuekin eta handik hilerrirako bidea hartu dute herritarrek. Bertan, loreak paratu dituzte Anzaren hilobian eta bertso bat eskaini diote. Jon Garmendiak hartu du hitza hilerrian eta auziaren inguruan oraindik egia ez dela jakin nabarmendu dute. Anzaren kasuaz gain, Popo Larre Heletako militantearen desagerketa ere izan dute aipagai. Handik plazara itzuli eta bertan eman diote amaiera ekitaldiari dantza emanaldi batekin.

Azken bost urteetan ezer gutxi jakin da ETAko militantearen inguruan gertatutakoaz, are gutxiago bere heriotzaren nondik norakoez.

Pasa den urteko uztailean Miryam Vargues Okzitaniako Tolosako epaileak auziaren artxibatzea agindu zuen gertatutakoaren inguruan ezer askorik argitu gabe. Senideek erabakia helegin zuten, baina epaileak atzera bota zuen eskaera.

Europara jotzeko asmoa agertu zuten senitartekoek orduan eta NAIZek jakin ahal izan duenez, pasa den urtarrilean salaketa ezarri zuten Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegian. Haien iritziz, Anzaren desagerketa eta heriotzaren inguruan ez da «benetazko ikerketarik» izan orain arte, eta auzia argitu eta egia jakiteko jo dute Europako atea.

Hilabete honetan zehar bigarren salaketa bat jarri dute, kasu honetan Parisko Auzitegian. Estatu frantsesaren aurka egin dute, Anzaren kasuaren ikerketan izandako gabezien erantzule gisa. Estatuak duen ardura kontutan izanda kondenatua izatea galdegin dute eta familiarentzat kalte-ordainak eskatu.

Jon Anza 2009ko apirilaren 18 desagertu zen eta bere gorpua hamaika hilabete beranduago aurkitu zuten, 2010eko martxoaren 11n, Okzitaniako Tolosako gorputegi batean. Bertsio ofizialaren arabera, 2009ko apirilaren 29an, Anzak Baionatik Tolosara zihoan trena hartu eta hamar egun beranduago, Udaltzaingoak atentzioa deitu zien pertsona bat ikusi zuen. 

Gauerdia zen Strasbourg Bulebarrean, eta militante donostiarra zorabio zantzuekin aurkitu zuten eta larrialdi zerbitzuei deitu zieten. Suhiltzaileak eta anbulantziak bertaratu ziren eta Anzak konortea galdu zuen. Erreanimazio ariketak egin eta suspertu egin zuten. Purpaneko ospitalera eraman zuten orduan. Bertan hil zen maiatzaren 11n.

Apirilaren 18an desagertu zenetik maiatzaren 11n hil zen arte, ordea, hainbat galdera pilatzen dira denbora tarte horretan, gertatu zena oraindik argitzeke dagoen bitartean.