Oihane Larretxea
Errenteria

Oarsoaldeak badu erabakitzeko txanda: 2017ko martxoaren 19a

Lezo, Pasaia, Errenteria eta Oiartzun herriek osatzen duten Oarsoaldea eskualdeak erabakitzeko eskubidea praktikan jartzeko hitzordua iragarri du: datorren urteko martxoaren 19an izango da, urtebete barru, hain zuzen ere. Orotara, 52.000 pertsona daude bozkatzera deituta.

Niessen aretoa bete egin da, galdeketaren aurkezpenean. (Juan Carlos RUIZ I ARGAZKI PRESS)
Niessen aretoa bete egin da, galdeketaren aurkezpenean. (Juan Carlos RUIZ I ARGAZKI PRESS)

Euskal Herriko beste herri eta eskualdeetan egingo diren erabakitzeko eskubidearen aldeko galdeketetara gehitu da Oarsoaldea. Gaur goizean Errenteriako Niessen aretoan egindako aurkezpenean iragarri dutenez, datorren urteko martxoaren 19an izango da, beraz hamabi hilabete zehatz daude lanean jartzeko.

Gure Esku Dagok zehaztutako protokoloa jarraituz, Demoarso ekimenak herritarrak hautesontzietara deitu ditu, orotara 52.000. Prozesuarekin aurrera jarraitzeko, gutxienez, hauen %10aren babesa jaso beharko dute, alegia, 5.200 sinadura. Gaur bertan sinatzeko paperak banatu dituzte. Horixe izango da, hain zuzen, aurrerantzean egiteko dituzten hiru lanetako bat. Halaber, adosgunea sortu beharko dute eta parte hartze prozesua abiarazi herri bakoitzean zein galdera luzatuko den erabakitzeko. «Herri bakoitzak bere galdera zehaztuko du eta haietako bakoitzak erabakitakoa izango da herri bakoitzean galdeketan erantzun beharko dena; beraz, ez da galdera bakar bat izango eskualde osorako. Galdera zehazteko prozesua parte hartzailea izango da», iragarri dute sustatzaileek.

Emaitzak emaitza, prozesuak eta bozkatzeak berak, eskualde kohesionatuagoa egingo duela honek guztiak ziur agertu dira. «Komunitatea sentitzea da auzia, eta hala jokatu behar dugu», adierazi dute. Erantsi dutenez, «herri honek nolako antolaketa behar duen erabakitzeak ezin du gatazka iturri izan, ezta inposizio iturri ere. Eztabaida eta herritarren erabakien arabera egon behar du, hain zuzen ere. Gure Esku Dago mugimenduaren iritziz, XXI mendeak gure buruari ispiluan begiratu eta gizarte osausntsu bat osatzen dugua jabetzeko balio behar izan digu, normaltasunez demokrazia gauzatzeko gai dena».

Parte hartzea, gardentasuna eta kultura demokratikoa goraipatuz, eskualde honetan ere ariketa hori egiteko ordua heldu dela aldarrikatu dute. Agerraldian Oarsoaldeak Debagoiena, Goierri, Etxarri, Azpeitia eta Hernaniren babesa jaso dute, alegia, galdeketa egin duten edo aurki egingo dutenena.