1970an Burgoseko auzitegi militar batek ETAko hamasei kideri epaiketa guztiz sumarioa egin zien. Ia zazpi urte geroago kaleratu zuen 'Egin'-ek lehen alea; ezin izan zuen, beraz, Burgosko Prozesuaren jarraipenik egin. Auziaren hamargarren urteurrenean, ordea, luze eta zabal eman zuen gaia, espreski prestatutako gehigarri batean: «Gaur hamar urte hasi zen Burgosko Auzia», zioen haren azalak.
Zortzi orrialdetan hainbat auzipeturen eta prozesua gertutik bizi izan zuten beste hainbeste lekukoren hitzak jaso zituzten. Besteak beste, Mario Onaindiari, Jokin Gorostidiri, Julen Kaltzadari eta Artemio Zarcori egin zizkioten elkarrizketa laburrak.
Halaber, hamar urte lehenago jazotakoen kronikak eman zituzten, gehigarria Artefaktuaren aurrekaria bailitzan, baita auziak hurrengo hamarkadan izan zuen eragina ere. Horrez gain, Burgosko Prozesuaren aurkako protestetan Poliziak tiroz hil zuen Roberto Pérez Jauregi gazte eibartarra oroitzeko baliatu zuten azken orrialdea.