EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Irurako Udalari arrazoia eman dio eta beste auzi baterako eskatutako informazioa euskara hutsean bidaltzeagatik Espainiako Gobernu Ordezkaritzak jarritako helegitea atzera bota du. Epaia irmoa da, eta ez du beste helegiterik onartzen, UEMAk ohar baten bidez jakinarazi duenez.
UEMAk jakinarazi duenez, Carlos Urquijo espainiar Gobernuko ordezkariak hainbat udalen aurrekontuak auzitara eraman zituen aurreko legealdian, besteak beste, Irurakoa. Auzi horretarako informazioa eta dokumentazioa eskatu zion Urquijok Irurako Udalari, tartean aurrekontuak onartu zituzten udal osoko bilkuraren akta, zein euskara hutsean bidali zen.
Aurrekontuen aurkako helegiteak jartzeko epe zehatz bat izaten da, informazioa jasotzen denetik hasita. Urquijok epe horretatik kanpo jarri zuen helegitea, Irurako Udalak bidalitako informazioa «ez jasotzat» eman zuelako, euskara hutsean jaso izanak baliorik ez zuelakoan. Donostiako Lurralde Auzitegiak, ordea, Irurako Udalari eman zion arrazoia, akta eta informazioa euskara hutsean bidaltzea zilegi zuela adieraziz eta Urqijok, dagoeneko, «euskeraz idatzitako aktak ulertu beharko lituzkeela» gehituz. Epai honi helegitea jarri zion espainiar Gobernu Ordezkaritzak.
Orain, EAEko Auzitegi Nagusiak epai irmoa plazaratu du. «EAEn euskara ofiziala denez administrazio publikoek euskaraz aritzeko eta, beraz, euskara ulertzeko gai izan behar dute», adierazten du.
Gai hauetan udalerri euskaldunen defentsan aritzen diren abokatuen esanetan, «epaia garrantzitsua da, irmoa delako eta jurisprudentzia aurrekaria sortzen duelako».