Naiz+ Naiz+

YouTubeko euskal izarraren aurrean gaude?

SuperTxope du izena eta sare sozialak aztoratzeko asmoarekin kukuka ari zaigu pantailaren atzetik. Gainontzeko euskal youtuberri egurra eman ostean, bere bizitza aletzen du kamara aurrean. SuperTxoperen biografia Euskal Herriko egoera politikoaren isla omen denez, umorea, ironia eta ilustrazioak lagun, gure herriaren eta bere familia katoliko eta jeltzalearen errepaso historikoa egiten du.

Topagune eta gazte martxetako lokatzetan murgiltzen da bideoa, bai eta eguneroko agenda akitu arte betetzen zioten enkartelada, bilera, manifestazio eta asanbladetan ere.  

24 ordu ere ez dira igaro lehen bideo zintzilikatu duenetik eta 1.500 bisitalditik gora jaso ditu dagoeneko. Harekin harremaneta jarri da NAIZ+ eta pozarren dago ezusteko arrakastarekin. Beste bideo batzuetarako ideiak ere badituela aitortu digu. Ez da pantailan ikusiko dugun azken aldia beraz.

Kanal berria estreinatu du YouTuben, bere aurpegia, baina, ez da ezezaguna. Hauteskunde espainolen kanpainean eta gaupaseroi zuzendutako spot batean ikusi genuen lehenengoz. EH Bilduren bideo hark arrakasta lortu zuen sarean.