Langabeen Batzordeak, lan erregulazio txostena ezarria duten enpresetako langile batzordeek, etxe kaleratzeen aurkako elkarteek, sindikatuek, Kontuz-eko kideek eta beste plataforma batzuek deituta milaka pertsona bildu dira Iruñean Yolanda Barcina nafar lehendakariaren dimisioa eskatzeko.
Manifestazioa handia izan da eta 10.000 lagun bildu dira bertan, antolatzaileen arabera. Barcinaren dimisioa eskatzeaz gain, Nafarroako hauteskundeak aurreratzeko deia ere egin dute bertan.
Ordezkari politiko eta sindikalez gain, Nafarroako Gobernuko lehendakariari tartak jaurtitzeagatik auzipetuta dauden kideak ere manifestazioan izan dira. Pasa den ostegunean egin bezala, mudantza bat irudikatu dute, murrizketa politikak salatzeko guraizeak ere erabiliz.
«UPN kanpora!», «epaiketa hemen eta ez Madrilen» edota «Mayak alde egin dezala» bezalako ohiuak entzun dira protestan zehar.
Amaierako ekitaldian, Nafarroan 56.000 langabetu daudela salatu dute, «horietatik 11.000 diru sarrerarik gabe eta asko etxegabetzeko arriskuan». Gainera, murrizketa politikaren aurka egin dute eta haren erantzuleak «aberasten» ari direla kritikatu dute.
«Nazkatuta» daudela adierazi dute eta Barcinak eta UPNk «bizi dugun egoera larri honi» konponbiderik ez diotela emango esan dute. Horregatik, haren dimisioa eskatu dute. «Gure esku dagoen guztia egingo dugu zu gobernutik botatzeko», aldarrikatu dute.
Bestelako politika batzuen alde kalera ateratzeko deia egin dute, «Nafarroan aldaketa lortzea gaur bertan hasita posible delako». Egoera honi amaiera eman eta oposizioari Barcina agintetik kentzeko exijitu diote.
«Ez dago arrazoi bakar bat ere egungo egoera mantentzearen aldeko hautua justifika dezakeena», arrazoitu dute eta izen aldaketa huts bat aldatu beharrean, «politikak» aldatu behar direla adierazi dute.