NAIZ.INFO
TAFALLA

Fernando Sota atxilotu du Guardia Zibilak bere aldeko manifestazioaren bukaeran

Manifestazioa bukatu ondoren atxilotu du Guardia Zibilak Fernando Sota plazako kioskoan agertu ostean. Ehunka lagunek elkartasuna adierazi diote presoen argazkiak jartzeagatik urtebeteko espetxe zigorra ezarri dioten tafallarrari.

Fernando Sota atxilo eraman duten unea. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)
Fernando Sota atxilo eraman duten unea. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)

Fernando Sotaren kontrako espetxe zigorra salatzeko manifestazioa antolatu dute gaur eguerdian Tafallan. Sotak ezkutatzea erabaki zuen joan den apirilean Auzitegi Nazionalak beren kontrako atxilotze agindua eman ostean. Euskal presoen argazkiak jartzeagatik urtebeteko zigorra ezarri zion epaitegiak.

Ehunka lagunek pate hartu dute herriko kale nagusiak zeharkatu dituen manifestazioan. Plazan bukatu da mobiizazioa eta kioskoan agertu da ezkutaturik zegoen tafallarra.

Guardia zibil andana gerturatu dira segituan plazara. Modu baketsuan zeuden hainbat herritarren aurka oldartu dira eta herritarrak agurtzen zegoen Sota jarraian atzeman eta furgonetan sartu dute. Senide eta lagunak besarkatzeko aukera izan du Fernando Sotak atxilotua izan aurretik. Atxilotua izan aurretik jasotako elkartasuna eskertu du. Arratsaldean jakinarazi dutenaren arabera, Iruñeako kartzelara eraman dute.

Plazan bildutako ehunka herritarrek segurtasunen indarren aurkako eta Sotarekiko elkartasun oihuekin erantzun diote atxiloketari. Tentsio uneak bizi izan dira. Guardia Zibilak joan ostean, Fermin Valencia abeslariak «Si canta Tafalla canta Euskal Herria» kantuarekin eman dio bukaera elkartasun ekitaldiari.