@iontelleria

Lekukoaren atzetik, Urepeletik Bilbora, gure baliabideekin

Martxoaren 19ko 17.00etan abiatuko da Korrikaren 19. edizioa Urepeletik eta hamar egun beranduago, 29an iritsiko da Bilbora; 2.161 kilometro izango dira guztira eta horien guztien berri emateko jarraipen berezia gauzatuko dute NAIZek eta GARAk. Horretarako sortutako webgune berezian jasoko ditu kronikak, erreportajeak, argazkiak eta bideoak. Agendaren bidez egunez eguneko egitaraua izango du, gainera, erabiltzaileak eskura.

Iñaki Soto GARAko zuzendaria eta Maider Iantzi, 18. edizioan jarraipena egiten ari zen bitartean lekukoarekin, GARA eta NAIZeko lankideekin. (A.C. / A. P.)
Iñaki Soto GARAko zuzendaria eta Maider Iantzi, 18. edizioan jarraipena egiten ari zen bitartean lekukoarekin, GARA eta NAIZeko lankideekin. (A.C. / A. P.)

Ekimenaren neurriko indarra egingo dute NAIZek eta GARAk Korrikaren berri egunez egun hedatzeko. 2.161 kilometro izango dira guztira, emozioz eta grinez biziko dituztenak milaka euskal herritarrek eta horien berri luze eta zabal jasotzea izango du helburu propio sorturiko webgune bereziak (naiz.eus/korrika19).

Urepeleko abiatze festarekin bat, 16 orrialdeko ale berezia argitaratuko du GARAk. Gehigarri berezi horretan Korrikak honezkero munduari bira emateko adina kilometro egin dituela ezagutu ahalko du irakurleak, 40.000 kilometro egin baititu euskararen aldeko lasterketak 1980an bidea abiatu zuenetik. Lasterketa honen helburu behinenak, AEKren alfabetatze jardunak izan duen garapenaren berri dakar Mertxe Mugika koordinatzailearen eskutik, 50.000 inguru dira, jada, euskaldundu direnak AEKren baitan.

Lehen Korrikaren abestia (ondoan entzungai) Xabier Amurizak egin zuen eta atzera begira harrituta hitz egin du GARArentzat, «inork ez zuen uste horrelako arrakasta lortuko zenik» bere esanetan.

Prestaketa lanen zorokeri xamurra lehen aldiz bizi du aurten Asier Amondok arduradun gisa, gehigarri berezirako egindako elkarrizketan helburu eta desio bat dakar, «Korrikak egiten jarraitu behar luke, baina ez luke helburu ekonomikorik izan beharko».

Horiek denak eta beharrezko informazio praktikoa dakar Korrikaren 19.aren gehigarriak.

Hortik aurrerakoan, lehen egunetik azkenera bertatik bertarako jarraipena egingo dute NAIZek eta GARAk. Lasterketarekin berarekin izango da gau eta egun Maider Iantzi Twitterrez eta kroniken bidez pausoz pauso Euskal Herria zeharkatuko duen lasterketaren berri zabalduz.

Argazki Press agentziak ere esfortzu berezia egingo du lasterketan zehar eta egunero jasoko ditu NAIZek Korrikaren argazki galeria osatuak eta lekuan lekuko bideo laburpenak.

naiz.eus/korrika19, gure baliabideen erakuslehio

Egindako lanaren erakuslehioa izango da webgune berezia. NAIZ eta GARArenaz gain Info7 irratiak, Mediabaskek, Kazeta.eus-ek eta Hamaika telebistak egindako lanaren adierazle ere izango da. Azken bi hauen eskutik, adibidez, Urepelen hainbat euskarazko hedabidek elkarlanean gauzatuko duten saio berezia ikusi ahalko da, Korrikaren abiatzea zuzenean.

Webgune berezi horren bidez Korrika ia etenik gabe zuzenean ikusi ahalko da, gainera. Hamaika Telebistari esker izango da hori, Bilbora iritsi bitartean ia egun osoan zehar lasterketaren zuzeneko irudiak eskainiko baititu sarean eta egunean pare bat aldiz telebistan. Egunez egun, gainera, herriz herriko bideo laburpenak osatuko ditu eta egunaren laburpen saioa eskainiko du egunero 21.00etan (Hamaikaren webgune berezia).

Info7 irratiak ere bertatik bertarako jarraipena egingo dio lasterketari. Astelehenetik aurrera izango da hori, goizero 8.00ak inguruan Korrika nondik doan begiratuko dute konexio bereziekin eta eguerdiko eta iluntzeko albistegi nagusietan egunaren erreportaje bereziak eskainiko dituzte. Kalegorrian magazinean, gainera, pasa aurretik lasterketak sortzen duen ilusioa eta pasa osteko emozioa jasoko dituzte herriz herri.

Azken eguna eta egunez egun

Berezia Bilboko amaiera izango da, noski. Info7 irratia kide duen Arrosa sareak saio berezia ekoiztuko du bertatik eta baita Hamaika Telebistak ere.

Bitartean kilometro eta herri adina festa eta ekimen izango denez bidean, NAIZen agendan egunez eguneko eskaintzaren berri jasoko dute (Korrika zure herritik pasako bada igorri antolatutakoaren berri agenda@naiz.eus-era edo baliatu kontakturako eremua).

Korrikaren webgune berezia askoz gehiago ere izango da, NAIZ+en Korrikak diasporan izan dituen lehen kolpeak eta lasterketaren aitzakian sortu diren ekimen bereziak besteak beste.


Korrika Nikaraguan (NAIZ+ Zortzigarrena)