NAIZ
BAIONA

Auzitegiko medikuen arabera, Fernandez Iradiren gaixotasuna espetxearekin bateragarria da

Ibon Fernandez Iradiren osasun egoeraren 3. txostena egin duten medikuek onartu dute Lasarteko presoaren egoerak okerrera egingo duela, baina hala ere espetxean jaraitzearekin bateragarria dela diote beren ondorioetan. Presoak abokatuari aitortu dionez, «hiltzear egon arte» ez dute askatuko. Martxoaren 26an aztertuko dute auzia Parisko Dei Auzitegian.

Bagoaz elkarteko ordezkariak eta Maritxu Paulus abokatua, Baionako agerraldian. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Bagoaz elkarteko ordezkariak eta Maritxu Paulus abokatua, Baionako agerraldian. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Bagoaz kolektiboak agerraldia egin du Baionan, gaixotasun larria duen Ibon Fernandez Iradiren egoerari buruzko azken berriak jakinarazteko. Izan ere, iazko urriaren 30ean zigorren aplikazioa erabakitzen duen auzitegiak 3. mediku txosten bat eskatu zuen, haren askatasunaren inguruan erabaki aurretik. Astelehenean jaso zuten txosten horren emaitza eta gaur eman dute ezagutzera.

Auzitegiak bi mediku izendatu zituen txostena egiteko. Maritxu Paulus Basurco abokatuak eta Emilie Martin Bagoazeko kideak azaldu dutenez, azterketa «oso baldintza txarretan» egin zioten lasartearrari. Presoak kontatu dienez, ordu erdi egon ziren berarekin eta etengabe moztu egiten zioten.

Txostenean bi mediku horiek onartu dute Fernandez Iradiren gaixotasunak –esklerosi anizkoitza– jarraipen berezia eta arreta pluridiziplinarra behar duela, eta bere egoerak okerrera egingo duela. Hala ere, egoera hori espetxean egotearekin «bateragarria» dela diote eta euskal presoa kartzela «egokiago» batera eramatea planteatu dute.

Abokatua eta Bagoazeko ordezkaria harrituta agertu dira ondorio horiekin eta «erabaki politikoa» izan dela salatu dute. Fernandez Iradik berak helarazi dienez, «hiltzear egon arte» askatuko ez duten susmoa du.

Parisko Auzitegiak iazko ekainean lasartearraren zigorra etetea onartu zuen, baina fiskalak eta defentsak helegitea jarri zuten, azken honek epaia «kontraesankorra» zela argudiatuta, izan ere zigorra etetea onartu arren ezarritako baldintza zorrotzek ez zuten ziurtatzen aske geratuko zenik.

Martxoaren 26an berriro aztertuko du auzia. Egun horretan elkarretaratzea egingo dute Baionan, Herriko Etxearen aurrean. 18.30ean.