Amesgaiztoa 1985eko azaroaren 26an hasi zen, goizeko ordu txikietan, Donostiako Altza auzoan. Guardia Zibilak Mikel Zabalza, Idoia Aierbe (Mikelen bikotekidea), Manuel Bizkai eta Jon Arretxe atxilotu zituen, ETAko kide izatea leporatuta. Mikelek 32 urte zituen eta Orbaizetan jaioa zen. Jaioterrian artzain aritu eta gero, Donostiara jo zuen, eta autobus gidari hasi zen. Mikelen bi anaia ere atxilotu zituzten, baina ordu batzuen ondoren askatu egin zituzten.
Atxilotu ondoren zer gertatu zen ezingo da inoiz jakin Mikelen ahotik, baina Ion Arretxe errenteriarrak ondo gogoan du. 21 urte zituen, Arte Ederretako ikaslea zen eta gurasoekin bizi zen, Guardia Zibilak etxetik atera zuenean. Bere kontaketa gordina da.
«Zuzenean mendira eraman ninduten, erreka bazter batera. Ondo aukeratua zuten lekua. Plastikozko zakuak sartu zizkidaten burutik eta oinetatik, eta ondoren zinta itsasgarriarekin gorputz osoa bildu zidaten, momia baten modura utziz, nirekin nahi zutena egiteko moduan. Galdeketa beldurgarria izan zen, nire bizitzako unerik txarrena. Burua uretan sartzen zidaten, galderak egin, berriro sartu itolarria eraginez… Behin baino gehiagotan galdu nuen konortea eta hil nendin desiatzera iritsi nintzen, infernu hura bukatu zedin. Dena oihuak ziren baso hartan, nireak desesperazioak eragindakoak. Tarteka mediku batek azazkalak miatzen zizkidan, horrela zekiten eta torturatzen segitzerik bazeukaten. Intxaurrondora itzuli ginenean blai eginda nengoen, soinean botaka eta txiza eginda. Arrastaka eraman ninduten gela batera eta han inkomunikatu» dio Jonek. Eta uste du Mikelek ere antzeko tratua jaso zuela, toki berberean.
Intxaurrondoko kuartelean Idoia Aierbek ikusi zuen Mikel, mutilak buruan plastikozko poltsa bat zeukala. Geroxeago esku-ohe batean pertsona bat zeramatela ikusi zuen, eta guardia zibil batek beste bati «oso gaizki dago» nola esaten zion entzun zuen. Manuel Bizkaik ere adierazi zuen atxiloketaren eguneko goizaldean entzun zituela Mikelen oihuak. Gero, ez.
Hilaren 27an, Mikel Zabalzak ihes egin zuela adierazi zuen Guardia Zibilak. Arma-zulo bat non zegoen aitortu zuela eta hura miatzera eraman zutela hiru guardiak, eskuburdinak jarrita. Halako batean Mikelek ostikada jo ziola agente bati Endarlatzako tunelean eta ihes egin zuela ibai aldera. Ez zutela guardiek tiro egin eta ez zirela bila hasi, baizik eta laguntza eske itzuli zirela Behobiako kuartelera.
Mikel Zabalzaren omenezko monolitoa Orbaizetan. (Gotzon ARANBURU)
Bertsio «rokanboleskoa», gobernadore zibilarentzat
Inork ez zuen sinetsi bertsio ofiziala. Egunak igarotzen joan ziren eta Zabalzaren berririk ez. Berehala zabaldu zen txarrenaren susmoa. Are gehiago ‘Deia’ egunkarira «Coordinadora de la Guardia Civil de Inchaurrondo» izeneko talde batek sinatutako agiria iritsi zenean, non aitortzen zen Mikel galdeketan hil zela. Jon, Idoia eta Manuel Madrilera eraman zituzten eta berehala utzi zituzten libre, kargurik gabe. Mikel falta. Sendikoek Intxaurrondora jo zuten zuzenean, eta hau izan zen jaso zuten erantzuna: «Hemen ez dago. Objektu galduen bulegora joan zaitezte bilatzera».
PSOE zegoen Espainian agintean orduan. Gipuzkoako gobernadore zibila Julen Elgorriaga zen, eta kazetari bati erantzunez, Zabalzaren ihesaren bertsioa «rokanboleskoa» iruditzen zitzaiola onartu zuen abenduaren 2an. Ordurako jakina zen, besteak beste, orbaizetarrak ez zekiela igeri egiten. Jose Barrionuevo zen Barne ministroa, eta hasiera hasieratik babestu zuen Guardia Zibilaren bertsioa. Manifestazioak eta protestak ugaritzen joan ziren egunak pasa ahala, baita Poliziaren erantzun bortitza ere kaleetan.
2010ean itxi zen auzia epaitegietan
Gurutze Gorriko urpekariak Bidasoa arakatzen hasi ziren abenduaren 10ean. Hiru egun eman zituzten horretan, eta miaketa bukatuta zera adierazi zuen urpekarien arduraduna: «Ezinezkoa da Zabalzaren gorpua ibaian egotea». Barrionuevok, ordea, garbi zeukan gazte nafarra «azalduko dela edo arkitua izango dela». Baita azaldu ere, hilaren 15ean, desagertu eta 19 egunera. Gurutze Gorriak Endarlatzan aurrez arakatutako eremuan arkitu ere Guardia Zibilak, eskuburdinak jarrita zituela. EAJko presidente Jesus Intsausti izan zen Guardia Zibilaren bertsioa ez zuela sinesten esan zuen lehenengoetako bat, uste osoa zeukala Guardia Zibilak bezperan jarri zuela gorpua uretan. Abenduaren 18an greba orokor eguna izan zen Euskal Herrian. Gabriel Albiac filosofoak honako hau idatzi zuen: «Tarteka, bat hil egiten zaie. Ez asko, onartu egin behar da. Zalantzarik ez dago horien profesionalitateaz».
Erantzuna ez zen kalean bakarrik eman. Berehala hasi ziren salaketak epaitegietan. Iñigo Iruin aritu zen Zabalza familiaren izenean, Alvaro Navajas Donostiako Udalaren izenean, Enrique Villa Torturaren Aurkako Taldearen izenean, eta Maria Jose Aguado herri-salaketaren izenean. Sumarioaren ehundaka folioak milaka izatera pasa ziren berehala, eta lau epaile (Del Río, Marroquin, De la Hoz eta Jimenez Pericas) behar izan ziren instrukzioaren lehenengo fasea ixteko, gertaerak izan eta bi urtera. 25 urteko ibilbidea egin zuen ‘Zabalza kasuak’ epaitegietan, 2010ean auzia behin betirako itxitzat eman zuten arte, egia argitu gabe.
Egun, oraindik, Mikel Zabalza biktima gisa onartu gabe dago ofizialki. Horixe da haren familiaren eta Orbaizetan eta Altzan osatutako herri ekimenen helburua: egia, aitortza eta erreparazioa lortzea. Instituzioen laguntza eskatzen ari dira eta keinu batzuk badira. Nafarroako Gobernua aurreneko aldiz izan da aurten Orbaizetan Mikeli urtero egiten zaion omenaldian. Donostiako Udalak gaur bertan onartuko du EAJ, Bildu eta Irabazi taldeen babesarekin mozio bat, non Udalak konpromisoa hartzen duen Mikel Zabalza biktima gisa onartua izan dadin eragiteko. ELA, LAB eta Kurpil sindikatuen babesa du mozioak. Zenbait zuzenbide irakasleren laguntza ere eskatu dute herri ekimenek, kasua berriro irekitzeko aukerak aztertzeko.
Lakuako Gobernuak sartua du Zabalza indarkeria politikoaren biktimen zerrendan. Honela dio aipamenak: «Pedro Gomez Nieto agenteak CESIDeko koronel Alberto Perote jaunari emandako informazioak Zabalza kuartelean hil zela frogatu zuen: «Zabalza eskuetatik joan zaie, galdeketan geratu da. Inoiz ez dute atzemango zer gertatu den. Litekeena da bihotza gelditu izana buruan plastikozko poltsa jartzearen ondorioz».
Bitartean, bai familiak eta bai lagunek Mikel aldarrikatzen jarraitzen dute, dela joan den larunbatean burututako moduko ekitaldi publikoetan dela instituzioetan aurkeztuz. Lourdes Zabalzak argi hitz egin zuen Nafarroako Legebiltzarrean joan den urtarrilean: «Mikel bizirik itzuli ezin diguzuen arren, lagundu haren duintasuna itzultzen. Nonbaiten idatzita gera dadila Mikel hil arte torturatu zutela Intxaurrondoko kuartelean, eta ekintza hori Estatuak diseinatutako estrategia baten ondorio izan zela».
Aipatu estrategia hori du mintzagai Ion Arretxek. «Ez zuten jendea atxilotzen ikerketa baten ondoren, baizik eta atxilotutakoan hasten ziren ikertzen. Tortura sistematikoa zen, euskaldunak gorrotu gintuztenek aplikatua. Guri baino lehentxeago Lasari eta Zabalari tokatu zitzaien tokatu zitzaiena. Imaginatu dezakegu zer pertsona mota den hori egiteko gai dena…». Ez du Espainiako justizian esperantzarik, baina ankerkeri hartan parte hartu zutenetako norbaitek, heriotzaren ordua iritsi aurretik, kontzientzia lasaitu nahiko duela espero du.