Jose Luis Zumeta margolari usurbildarrak merezitako omenaldia jaso du gaur. Xumea izan da ekitaldia, artistaren izaeraren bat eginez. Goxoa, inoiz ez baita berandu gertukoenen eta herritarren berotasuna jasotzeko, are gehiago bizi izan ditugun garai petral hauetan.
Izurriaren eraginez omenaldia urte eta erdiz atzeratu beharra izan dute eta pozik eta hunkituta agertu dira Zumetaren senideak. «Iaz, egoerak behartuta, oso pertsona gutxi elkar gintezkeen eta, oro har, familia gutxik izan genuen dolua egiteko aukera; zikloa ixteko beharra genuen», aitortu dio NAIZi Usoa Zumetak, artistaren alabak.
Baina badute pena ere, nahi izan duten denek ezin plazara sartu. Aforo kontuek behartuta ehun pertsonara mugatu da sarrera. «Abuztuan jarri genuen data eta pena dugu, agian hamar egun barru sarrera libre izango zen», gaineratu du.
Begiak irriz irudikatu dugu Zumeta, dagoen tokian dagoela, bere lagun Mikel Laboaren izena daraman plazara begira. Pozik, ekitaldiari amaiera emanez senitarteko, lagun eta herritarrak tragoxka baten inguruan bildu direla ikustean. «Denok harrapatu gintuen ezustean aitaren heriotzak, baina berak bazekien lehen lerroan zegoela eta Herman Melvillen Bartleby eskribatzaileari zerbait egiteko eskatuz gero ‘aukeran nahiago ez’ erantzuten zuen bezala, aitak bere epitafioa esana utzi zigun: ‘Aukeran tabernan nahiago’. Beraz, animatzen zaituztet zerbait hartzera eta ‘Zumeta in memoriam’ topa egitera», egin du gonbita omenaldiaren bukaeran Usoa Zumetak.
Artista bera ere –makina bat ordu egin zituen aitarekin eskuz esku lanean Txikierdiko Zumeta Arte Estudioan– Usoak hartu du hitza familiaren izenean. Bertan izan dira beste hiru seme-alabak ere, Louise, Eneko eta Monika.
Hainbat kulturgilek ere ez du hutsik egin hitzordura. Omenaldian izan dira Ruper Ordorika, Koldobika Jauregi, Juan Carlos Perez, Jesus Mari Lazkano, Antton Olariaga, Marisol Bastida –Mikel Laboaren emaztea–, Joseba Tapia eta Ainize Txopitea, besteak beste.
Eskuzabaltasuna
«Eskuzabala zentzu zabalenean, parekoarekin aurreiritzirik gabea, jakinmin handikoa, dramatismoa batere maite ez zuena. Horrelakoa zen aita», nabarmendu du Usoa Zumetak bildutakoen aurrean irakurri duen idatzian.
Eta lagunartekoa. «Herri giroa maite zuen hiriko bizitza bezain beste», gogoratu du. Usurbilen –museko lagunak–, Malloetan –pilotakoak eta artistak– zein Buenos Aireseko egonaldietan ondoan izan zituen kideak gogoan izan ditu Usoa Zumetak. Baita kulturgintzan bidaide izandako hainbat sortzaile ere.
Jesus Mari Lazkanok Zumetari buruz NAIZen argitaratutako artikuluaren hainbat pasarte ere irakurri ditu alabak. «Zumeta ezinbestekoa da eta gure artean egon izan ez balitz geuk asmatu beharko genukeen», esan zuen Bergarako margolariak artikuluan.
Izan da literaturatik omenaldian. Bernardo Atxagak Zumeta lagunari ‘Papiroak’ sailaren katalogorako idatzitako ‘Hans Menscher’ ipuina –gero ‘Obabakoak’ (1988) liburuan argitara eman zuena– irakurri zuen.
Baita musikatik ere. Batetik, Mikel Telleriak ‘Zumeta’ abestia kantatu du, artista zendu zenean sortua. Gari eta Josu Hertzainak taldeko kideek ere parte hartu dute ekitaldian. Usurbilgo alkate Agurtzane Solabarrietaren hitzek osatu dute txalapartarekin hasi eta aurreskuarekin amaiera eman zaion omenaldia. «Ezin da Usurbil ulertu Zumetarik gabe», adierazi du, bien arteko sinbiosia nabarmenduz «gure herriaren izaerari arnasa emateraino».
Bizitza bat margolari
2020ko apirilaren 23an zendu zen Zumeta 81 urte zituela Donostiako Gros auzoan zuen etxean. Handia izan zen egun hartan euskal kulturgile zein herritar ugarik adierazi zuen atsekabea. «Ederra izan zen murala lorez eta kolorez gainezka ikustea», aitortu die herritarrei Usoa alabak horma-irudi beraren aurrean.
Artista zen bokazioz. Eskulturan eman zituen lehen pausuak baina margolari izatea erabaki zuen hamasei urterekin. Eta nabarmentzeko ibilbidea egin zuen. Frankismo garai ilunetik urrun Europara jo zuen, haize berrien bila. Parisen, Londresen eta Estokolmon –Vespa batean joan zen JoxAnton Artzerekin Estokolmora– egin zituen egonaldiak. Han ikusi eta ikasitakoak Euskal Herrian bide berriak urratzera eraman zuen. Donostian ikusgai jarri zuen margoak hautsak harrotu zituen, «eskandalutzat» jo zuten hiritarrek.
XX. mendeko euskal artearen abangoardiaren ikur nagusienetakoa bihurtu zen. Gaur taldearen sortzaileetako bat izan zen eta ondoren Ez Dok Amairu taldeko kide ere izan zen.
Eta ezin ahaztu bizitza osoan jendartearekiko erakutsi zuen konpromiso irmoa. GARAri bidegabez egotzitako zorrari aurre egiteko, artearen bitartez gauzatutako elkartasunezko ARTEAGARA ekimenean ere parte hartu zuen, espreski serigrafia bat eginez.
Figurazioa, espresionismoa eta abstrakzioaren uretan aritu zen igerian Zumeta. Esperimentazioan, etengabeko bilaketan. «Artista batzuek bere margoa identifikagarria izatea bilatzen dute, aita figurazioan hasi zen eta bidea bukatutzat eman zuen. Ondoren espresionismoa eta abstrakzia landu zituen, gauza bera gertatu zitzaion eta azken urteetan figuraziora itzuli zen», esan dio Usoa Zumetak NAIZi, horren adibide.
Izan ere, margotzea abentura zen Zumetarentzat. Intuizioz koloreak berak –biziak beti– gidatutako arrastoari jarraiki. «Zumetarentzat koadroak aukera guztiak ezkutatzen ditu, berak gida zaitzan utzi behar duzu. Bere jarrera umila, isila, langilea, artista bere margoaren aurrean bere estudioko babesean», zioen Lazkanok idatzi eta gaur Usoa Zumetak irakurritako beste pasarteak.
Sortzaile nekaezina, azken unera arte margotu zuen. Proiektu berriak asmatzen, sortzeari ez zion utzi azken hatsa eman bitartean.