NAIZ

Nafarroa Berriz Altxak bi sinbolo batuko ditu korrika, Noain eta Amaiur

Gaztelaren konkistatik 500 urtera, Nafarroako herriaren subiranotasuna berreskuratzeko garaia dela defendatzen duen herri ekimena, Nafarroa Berriz Altxa, kirola eta besta uztartuko dituen egun bat prestatzen ari da. Heldu den azaroaren 14an izanen da hitzordua, igandearekin, Noain eta Amaiur artean.

Nafarroa Berriz Altxa herri ekimenak Noain eta Amaiur elkartuko ditu heldu den azaroaren 14an, igandearekin. Bi korrikalarik Nafarroa Garaiaren historiarentzat horren garrantzitsuak diren bi puntuak lotuko dituzte egun bakar batean.

Twitterren iragarri dutenez, goizeko 8.00etan aterako dira lasterkariak Noaindik, Getzetik. Hainbat herritatik pasatuko dira eta horietako batzuetan harrera eginen diete herritarrek. Horretaz gain, nahi duenak ibilbidearen zati batean korrika laguntzeko aukera izanen du. Hala, Noaindik Amaiurrera, «dinamika oso bat» martxan jartzea da asmoa.

8.45ean, Iruñeko Frantziako Atean eginen diete harrera; 9.15ean, Antsoain-Txantrean; 10.15ean Soraurenen; 10.30ean Enderizen; 11.30ean Olaguen; 12.30ean Lantzen; 14.00etan Almandozen; 15.15ean Zigan; eta 15.30ean Elizondon. 17.00etan helmugara iristea espero dute, Amaiurrera.

Aldarrikapena eguneratzea xede

Amaiurko gaztelua Nafarroako subiranotasunaren ikurra da, 1521eko urriaren 12an tropa nafarrek gaztelua okupatzen zuten gaztelarrak errenditzea lortu baitzuten. Noaingo zelaietan Gaztelako indarrek erresistentzia subiranista erraustu eta hilabete batzuk geroago gertatu zen hori. Amaiurren berreskurapenak hilabete zenbait hilabete baino ez zituen iraun; 1522ko ekainean, 7.000 soldadu gaztelarrek gotorlekua hartu zuten. Orduan Nafarroako independentziari leial zitzaizkion 200 soldadu bakarrik ari ziren gaztelua zaintzen. Astebetez jasan ondotik, ekainaren 19an etsi egin zuten nafarrek.

Nafarroa Berriz Altxak efemeride hori ekarri nahi du gogora ekimenarekin, Noaingo Guduarekin egin zuen bezala. Baina ez da oroitze soila izanen. «Nafarroako herrian dagoen subiranotasunaren» aldarrikapena eguneratu nahi du, «bere etorkizunaren jabe bakarra Nafarroako herria dela» azpimarratu eta, hortaz, «bere jendea dela egunerokoan eragiten dieten erabakiak aske hartzeko nahikoa tresna izan behar dituena».

Aurkezpen bideoan dioten bezala, laster zabalduko dute informazio gehiago.