Iraide Ibarrondo

Kultur eta sormen arloko 243 enpresa itxi ziren 2020an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan

‘Covid-19aren inpaktua Kultura eta Sormen Industrietan Euskadin’ txostenak jakitera eman duenez, 2020an kultur eta sormen industriako 243 enpresa itxi eta 563 enplegu galdu ziren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.

S.O.S kultura plataformaren mobilizazioa 2020ko ekainean.
S.O.S kultura plataformaren mobilizazioa 2020ko ekainean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Bingen Zupiriak, eta Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko (Deustu fundazioa) zuzendari nagusiak, Mari Jose Arangurenek, ‘Covid-19aren inpaktua Kultura eta Sormen Industrietan Euskadin’ ikerketa txostenaren emaitzak aurkeztu dituzte ostiral honetan, Bilbon. Ikerketaren arabera, 2020an kultura eta sormen arloko 243 enpresa itxi ziren eta sektoreko 563 lanpostu suntsitu ziren, %1,66ko jaitsierarekin.

Kultura industria zer den definitzeko orduan, ondoko azpi-sektoreak hartu dituzte aintzat ikerketarako: arte eszenikoak, ikusizko arteak, ikus-entzunezkoak eta multimedia, liburuak eta prentsa, musika, ondarea, museoak, artxiboak eta liburutegiak. Sormen arloaren baitan, ostera, arkitektura, diseinua, hizkuntzaren industriak, modaren fabrikazioa, publizitatea eta bideo-jokoak sartu dituzte. 

Hori horrela, kultura eta sormen industriak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako enpleguaren %3,84 barnebiltzen zuen 2019an, 16.886 enpresarekin. Ondorioz, osasun krisiaren aurretik 33.983 lanpostu zeuden industria horretan.

Haatik, pandemiak eragindako krisiaren ondorioz, 2019arekin alderatuz, kulturaren sektoreak ia %22ko beherakada izan zuen fakturazioan eta sormen sektoreak, ostera, %25eko beherakada. Hau da, 308 milioi euro eta 186 milioi euro gutxiago fakturatu zituzten, hurrenez hurren. Alabaina, Lakuak eta Orkestrak ohartarazi dute datuak «orientatibo eta partzialak» direla, enpresa txikietako datuak ez dituztelako eskura izan.

Enpresen galera lurralde historikoka aztertuz gero, Bizkaiak izan du beherakada handiena, %1,99ko galerarekin. Batez ere, arkitektura eta hizkuntzaren industrietan (hemen itzulpengintza eta euskara sustatzeko zerbitzuak sartzen dira, besteak beste) nabaritu da kalte handiena. Arabak, bere aldetik, %0,88ko portzentajezko galera izan du eta Gipuzkoak, ostera, enpresen %0,84ko beherakada izan du, modaren fabrikazioarekin eta liburu zein prentsarekin lotutako murrizketengatik batez ere.

Sektorearen erronka nagusiak

Sektoreak aurrean dituen erronka nagusien artean, Zupiriak enpresen tamaina txikia nabarmendu du. Azaldu duenez, sektorea osatzen duten enpresek, batez beste, bi behargin dituzte, eta horietako gehienak, gainera, autonomoak dira: «Enpresa hauen tamaina eta beraien jardueren izaera aztertzen badugu, ondorioztatu dezakegu nahitaezkoa dela profesional hauen arteko asoziazionismo edo elkartzea sustatzea gerora hartu behar ditugun politika publikoak hobeto enfokatzeko».

Bestetik, sailburuak azpimarratu du sektoreak duen beste gabezia batzuk bere «lehiakortasun egitura», «sektore hauetako pertsonen formakuntza» eta «nazioartekotzea» direla, besteak beste.

Azkenik, Zupiriak adierazi du kultur eta sormen jarduerak dagoeneko existitzen diren beste jarduera ekonomiko batzuekin «uztartu» behar direla zerbitzu, produktu eta jarduera berriak sortzeko.

Horretaz gain, bi erakundeek «aktibo ukiezinak» edo «ikusgarritasun falta» aipatu dituzte sektoreak egun dituen desabantailen artean.

Lehiakortasun hitzarmena

Testuinguru honetan, Orkestrak eta Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak legealdi osorako «doktoretza industrial» baten hitzarmen bat sinatu dutela jakinarazi dute Zupiria eta Arangurenek. Hauen hitzetan, «kultura eta sormen industrien dimentsio ekonomikoan eta lehiakortasunean sakontzeko» xedea du elkarlanak.

Izan ere, Arangurenek esplikatu duenez, lehen txosten honen helburua sektorearen «diagnostiko» bat eta «perimetro bat» zehaztea izan da, «jarduera hauen lehiakortasuna bultzatzeko hartu beharreko neurri eta ekimenak» identifikatzeko.