Manex Altuna
Elkarrizketa
Unai Gomez
Athletic Clubeko jokalaria

«Amets bat bizitzen ari naiz, baina azken kolpea ematea falta zaigu»

Aurtengo denboraldiko berri pozgarrienetako bat Unai Gomezen debuta izan da. Bermeotarrak hogei urte besterik ez ditu, eta lehen partidatik erakutsi du barruan daraman kemena eta sentimendu zuri-gorria. Emandako mailarekin pozik dagoen arren, badaki Kopa altxatzea mugarria izan daitekeela.

Unai Gomez Athleticen lehen taldearekin egindako gola ospatzen.
Unai Gomez Athleticen lehen taldearekin egindako gola ospatzen. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Clementerekin 1984ean Kopa altxatu zuen Athleticen, ‘Rocky’ ezizena zeukan erdiko atzelari bat zegoen: Iñigo Liceranzu, hain zuzen ere. Berrogei urteren ostean titulua irabazteko aukera dauka berriro talde zuri-gorriak, eta Sylvester Stallone aktorearen antza daukan beste jokalari bat dago aldagelan: Unai Gomez. Hogei urte besterik ez dituen arren, lehen partidatik erakutsi du nortasun handiko futbolaria dela. Borrokalaria, lehiakorra, adoretsua... Athleticen ereserkia abesten den gogoaren indarra irudikatzen du zelai gainera ateratzen denean.

Dudarik gabe, talde zuri-gorria bihotzean darama txikitatik, eta umetan lagunekin eta familiarekin amestutakoa bizitzen ari dela onartzen du. Horrela, bere lehen denboraldian 27 norgehiagokatan parte hartu du, eta bi gol egin ditu. Era bereanm harmailetatik berdegunera eraman du sentimendua, azalean tatuaturik daraman kresala moduan. Izan ere, berarekin hitz egitean segituan igartzen da bermeotarra dela, xarma berezia daukan Bizkaiko kostaldeko herri arrantzalea.

Kopako lehen finala izango da zuretzat, urduri al zaude?

Pentsatzen nuena baino hobeago eramaten ari naiz. Oraindik urduritasun puntu hori ez zait heldu, baina ziur nago eguna hurbildu ahala igarriko dudala. Zaleak bezala, finala iristeko gogotsu gaude aldagelan eta ilusioz gainezka.

Inoiz amestu duzu horrelako egoera bat bizitzearekin?

Bai, sarritan pentsatu dut, eta askotan berba egin dut Kopa bat irabaztearen inguruan lagunekin. Aspalditik buruan eduki izan dudan ideia da, egunen batean Kopako final bat eta horrelako egun bat barrutik bizi nahiko nukeela. Orain Athleticen lehen taldean nago, barrutik bizitzen ari naiz, eta ondoan dauzkadan taldekideak bikainak dira. Amets bat bizitzen ari naiz, eta egia bilakatzeko azken kolpea ematea falta zaigu.

Zer nolako finala aurreikusten duzu?

Niretzat final batean ez dago faboritorik. Mallorca ere gogo askorekin egongo da, eta badakigu talde gogor bat dela. Ziur nago partida zaila izango dela.

Eta non egon daiteke gakoa?

Erakutsi dugu edozein talderen aurka beldurrik gabe jokatu dezakegula. Gure jokoa egiten saiatuko gara, horrela iritsi baikara finalera eta ez dugu aldatu behar. Dauzkagun indarguneei -presioa goian egitea eta abiadura- etekina atera, eta golak egitean asmatzea izango da erabakigarria.

«Final batean ez dago faboritorik, eta Malllorca talde gogorra da»

Aukeratu al izanez gero zer hautatuko zenuke: Txapeldunen Ligan sartzea edo Kopa?

Argi eta garbi daukat eta taldekideek ere, Athleticekin Kopa bat irabaztea ezberdina da. Berrogei urte daramatzagu irabazi gabe, eta zaleentzat, klubarentzat eta aldagela barruan gaudenentzat Kopa altxatzea da lehentasuna.

Eta inguruan nola dago giroa? Familia eta lagunek ziur sarrerak eskatu dizkizutela, baina zer diote finalari buruz?

Bai, denek eskatu dizkidate sarrerak -kar, kar-. Dena den, nire alboan daukadan jendeak asko laguntzen dit. Familia ere hor daukat, eta kanpoan igartzen den euforia hori lasaitzen saiatzen dira. Beste gauza batzuen inguruan hitz egiten didate, ez egoteko denbora guztian finalari buruz pentsatzen. Uste dut hori ere ona dela buruarentzako.

Bermeon zerbait berezia prestatzen ari dira finalerako?

Badakit hainbat Sevillara joango direla, eta Udala ere partida zuzenean ikusteko antolatzen ari da. Uste dut pantaila erraldoi bi jarriko dituztela frontoian, eta plazan ere. Aldi berean, janaria saltzen duten food truck-ak egondo dira, eta giro berezia izango da.

Eta irabaziz gero, zer diote herrian Gabarrari buruz?

Horren inguruan nahiago dugu berbarik ez egitea, zorte txarra ekiditeko. Momentuaz gozatu nahi dut eta ikusiko da zer egingo dugun irabaztea lortzen badugu. Gu gurera, esaten den moduan ‘a lo bajini’ -Iñaki Williamsek sare sozialetan erabili duen leloa, eta helburua lortzeko isilean lan egitea esan nahi duena.

Bermeon pozak zoratzen egongo dira, bi herrikide -zu zeu eta Mikel Jauregizar- Athleticen jokatzen ikusten.

Bai, nik uste denboraldi hau ezberdina izaten ari dela herriko jendearentzat. Azken finean, harrotasunarekin daramate herriko mutil bat, Mikelegaz bi, Athleticeko lehen taldean egotea eta horrelako partida bat bizitzea jendearentzat ere berezia da. Gainera, aspalditik ez da egon bermeotar bat Athleticen lehen taldean.

Orain dela urte batzuk Aitor Ramosek, Endika Bordasek eta Tarantinok partidak jokatu zituzten. Hitz egin al duzu inoiz beraiekin euren esperientziak ezagutzeko?

Bai, denak ezagutzen ditut, baina harreman gehien Aitor Ramosekin daukat. Askotan partiden ostean mezu bat bidaltzen dit. Nik aholkuak ondo hartzen ditut, zeren eta bera hogei bat urte egon da futbolaren munduan, ez bakarrik Lehen Mailan. Nagusiagoei entzutea beti dator ondo. Izan ere, oraindik gaztea naiz eta ikasteko daukat.

Gustura zaude egindako denboraldiarekin?

Nik asko eskatzen diot neure buruari, eta beti dago hobetzeko aukera. Hala ere, nik uste orokorrean pozik egoteko moduko denboraldia dela maila pertsonalean. Hori bai, azken kolpea ematea falta zaigu talde moduan, Kopa altxatuz eta Europarako sailkatuz.

Zer sentitzen da San Mamesen gol bat egitean?

Nire bizitza osoan zehar amestu dudan momentu bat da, eta ikusten duzunean lortu duzula ez dakit hitzekin nola azaldu dezakedan. Sekulako poza sentitzen duzu, eta batez ere, harrotasuna, familiarengatik eta neure buruarekin.

Bilbao Athleticen defentsaren ezker hegalean jokatu zenituen zenbait partida, eta Ernesto Valverdek aurrelariaren atzetik zein zelai erdian zelairatu dizu. Zein postutan ikusten duzu zeure burua?

Nik entrenatzaileak esaten duena egin behar dut, eta inoiz ez dut arazorik izan. Hala ere, ni erdilaria naiz eta nahiago dut hor jokatu. Berdin zait, aurrerago edo atzerago. Nire dohaietako bat partidei erritmoa ematea baita.

Gurpegirekin antzekotasunak ikusten dizkizut zure jokatzeko moduarengatik?

Nire entrenatzailea izan zen Basconian eta asko lagundu zidan. Egia esan, Patxi Salinasekin ez nuen parte hartzen eta Gurpegi etorri zenean jokatzen hasi nintzen. Niretzat pertsona berezia izan zen, asko lagundu zidan eta bere aholkuak onera hartu ditut beti, oso entrenatzaile ona baita.

Lehen taldera iristeko bidea ez da erraza izan.

Jokalari bakoitza ezberdina da, eta bere denbora behar du. Hamabi urterekin Lezamatik irten behar izan nuenean oso gogorra izan zen, baina Danok Bat taldean hiru urte egin eta gogo handiagoarekin itzuli nintzen.