NAIZ
BAIONA

Oier Oa errententzio zentro batean atxikita dute atzotik

Oier Oa erretentzio zentro batean atxikita dute atzotik, Espainaratzeko zain. Sinatzera joan zelarik atxilotu zuten. Donostiarrak adierazi duenez, kanporatzeko prozesua martxan jarri dute eta «bidaia antolatuko duten bitartean» erretentzio zentroan edukiko dute.

Oier Oa.
Oier Oa.

Oier Oa Plaisir herriko erretentzio zentroan atxikita dute atzotik. Egunero bezala polizia-etxera sinatzera joan zen eta atxilotu egin zuten, zentroak berak baieztatu duenez. Espainiaratzeko zain izango litzateke. Oier Oak Kazeta.eus agerkariari adierazi dionez, «Estatu espainiarrak dosierra klasifikatu duenez, kanporatzearen prozesua abiatu dute». Bidaia gauzatzeko agiri batzuk falta direnez, erretentzio zentroan izango dute.

«Erretentzio zentrora eraman nautenean, gogoratu diet aurreko kide batzuen kasuan prestaketa horiek asignatua izan ziren bitartean egin zituztela eta zuzenean bidali zituztela, erretentzio zentrotik pasa gabe», adierazi du Oier Oak. Poliziek «arrisku bat» dela erantzun diote.

Donostiarrak hilabete hauetan asignazioa modu zuzenean bete duela esan die. «Ez dut egun bakar batean huts egin, nire iniziatibak hartu ditu proposamenak egiteko. Asignazioa uzteko arrazoiak izan arren, ez dut egin. Hori aski garantia da», gehitu du Oak. Poliziak, berriz, 2009an epaitegietara aurkeztu ez zela gogoratu diote.

Maritxu Paulus Basurco abokatuak helegitea jarri duela iragarri du.

Epaile administratiboaren aurrera bihar

Bihar epaile administratibo baten aurrera eramango dute eta bertan bere «askatasuna galdegiten ahalko» du. «Berak ziurrenik ezetz errango luke, beraz astelehenean askatasunaren epailearen aitzinean pasatuko nintzateke», azaldu du Oak. Horrek hogei eguneko espetxealdiak ematen ahal ditu eta epe hori bukatzen denean, berriz askatasun epailearen aitzinetik pasako litzateke.

«Etapa horretan gehienez beste hogei egun ematen ahal ditu. Orduan, berrogei egun beteko lirateke. Egin beharreko kudeaketa egiten dute edo askatzen zaituzte», esan du.

Apirilaren 4an aske geratu zenetik, Paris inguruko Sartrouville herrian bizitzera behartu zuen Oa Barne Ministerio frantsesak. Arrazoia, bi erabaki kontrajarriren arteko talka. Izan ere, Versallesko auzitegiak ukatu egin zuen bere garaian Estatu espainolaren euroagindu eskaria; ezin zuten, beraz, Frantziako Estatutik kanporatu, nahiz eta bere aurka Parisek ezarritako zigorraren baitan kanporatze hori agindu.

Auzitegi Nazional espainolak bere aurka Segiko kide izatea egotzita abiatutako prozedura bertan behera uztea erabaki zuen ondoren. Beraz, hego Euskal Herrira itzuli ahalko litzateke Oa, baina erabaki horrek bizileku behar lukeen Larresorora itzultzea ere zaildu diezaioke, Parisek Frantziako Estatuan egoteko debekua aplikatzeko aukera bailuke, asignazioa bertan behera utziz.