BABESLEDUN EDUKIA

Lekeitio, Plentzia, Elorrio, Mamariga eta Ilunberriko jaiak, iraila ongi hasteko plan onenak

Uda aurrera doa eta Bizkaiko zein Nafarroako hainbat herrik modurik onenean egingo diote ongietorria hilabete berriari. Lekeition eta Plentzian sanantolinak ospatuko dituzte, Elorrion Ferixa Nausikoak eta Santurtzin, Mamariga auzoko jaiak. Nafarroako Ilunberrin ere ostiralean botako dute txupinazoa.

Lekitioko txupinazoa igande honetan izango da eta Antzar Eguna, ostegunean (irailak 5). Irudian, iazko edizioa.
Lekitioko txupinazoa igande honetan izango da eta Antzar Eguna, ostegunean (irailak 5). Irudian, iazko edizioa. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Lekeitioko San Antolin jaiak zerbaitegatik ezagunak badira irailaren 5ean ospatzen den Antzar Egunagatik da. Baina egun horretaz gain, lekeitiarrek zortzi egun luzez ospatuko dituzte euren jai maitatuak, irailaren 8ra arte hain zuzen.

Hasteko, igande honetan kuadrillen «bajadia» eta txupinazoaren jaurtiketa egingo dira. Aurten, eta herritarrek hala erabakita, Romi eta Ixone Markes izango dira jai hasierako suziria piztuko dutenak. Bi emakume hauek Jai Batzordeko kideak dira eta urteak daramatzate herriko jaietako zein kultur arloko ekitaldiak antolatzen eta parte hartzen.

Aurtengo jai egitaraua ere herritarren eta eragileen lanari esker prestatu dute eta Ander Aldazabal alkateak eskerrak eman nahi izan dizkie jaiak antolatzen ibili diren guztiei. Berrikuntzen artean, jaiak inklusiboagoak izateko egin den ahalegina nabarmendu du Aldazabalek. Horrela, aurten barraka berri bat ipiniko da aniztasun funtzionala duten pertsonek ere erabil dezaten eta, gainera, Udaletxe ondoan oholtza berezi bat prestatuko dute gurpildun aulkia duten pertsonek plazako ekitaldiak ikusi ahal izateko.

Astelehenean (irailak 2) San Antolin eguna ospatuko dute (Alkondara zuri eguna), bertsolariak, mariatxiak eta su artfizialen jaurtiketarekin; asteartean (irailak 3) kamiseta eguna izango da, paella txapelketa eta herri bazkariarekin, eta portuko txosnetan elektrotxaranga eta DJen emanaldiak izango dira.

Antzar eguna ostegunean izango da (irailak 5) eta, urtero bezala, txalupen zenbakien zozketa eguerdian egingo da eta antzar jaia arratsaldeko 16.00etaik 19.00etara. Ondoren, helduen masta-puntakoa ospatuko da. Bi ekitaldi  horien sari banaketa bariku arratsaldean egingo da (irailak 6) eta hurrengo domekan (irailak 8) Anteroren ezkutatzea egingo dute jaiei amaiera emateko.

Lekeitioko erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Plaza Ogitegia, Arbaza Tailerrak, Kakor dastalekua-gozotegia, Zumaran arrainak, Seijo margoak, Cartonajes Erabil, Axa Aseguruak Maria Teresa Elkoro, Galarrena.


Plentzian ere San Antolin jaiak ospatuko dituzte, abuztuaren 28tik irailaren 2ra. Txupinazoa asteazkenean bota zuten eta ostiral honetan (abuztuak 30) lehiaketa gastronomikoen lehen txanda izango da: tortilla, paella eta entsalada.

Zapatuan (abuztuak 31), marmitako lehiaketa egingo da goiz guztian zehar, baita kross herrikoia ere, eta arratsaldean Plentzia Kantari izeneko kantujira herrikoia abiatuko da herriko kaleetan zehar.

Domekan (irailak 1) eskualdeko nekazari azoka ospetsua egingo da (aurten ehun eta hogeita hamargarren edizioa) eta arratsaldean IX. San Antolin bertso saioa, Aroa Arrizubieta, Julio Soto, Bañat Gaztelumendi eta Onintza Enbeitarekin.

Jaietako azken eguna astelehena izango da (irailak 2) eta bertan ez dira faltako Antolin Deunaren ohorezko meza eta aurreskua, musika bandaren kontzertua, fanfarriarekin girotutako koktela eta umeentzako puzgarriak. Iluntzean, urrezko alpargatak banatuko dira eta kalejiraren ostean Antolintxu eta Madalentxu agurtuko dituzte datorren urtera arte.

Elorrioko txistulariek igande goizeko azoka girotuko dute aurten ere. (Endika PORTILLO | FOKU)

Elorrion, bederatzi eguneko Ferixa Nausikoak

Elorrion bederatzi egunez ospatuko dituzte aurtengo Ferixa Nausikoak, larunbateko txupinazoarekin hasita. Arratseko 20.00etan izango da hori eta aurten ehun urte bete dituen CD Elorrio futbol taldeko kideak izango dira Udaletxeko balkoian pregoia irakurri eta txupina botako dutenak. Hogeitalau ordu lehenago, (ostirala 30), txosnen irekiera egingo da.

Julene Lazkano alkatearen hitzetan, aurten ere Udalaren asmoa izan da eskaintza anitza antolatzea eta herritar guztiengana iristea. Horretarako, jaietako aurrekontua 30.000 eurotan handitu da, 200.000 eurora iritsiaz.

Ekarpen ekonomikoaz gain, jaietako egitaraua gauzatu ahal izateko jende askoren lana eta kolaborazioa behar izan dela nabarmendu du Lazkanok: «Hasi herriko eragile eta elkarteen ekarpenetik, udal langile eta jaietako zinegotziaren inplikazioa eta koordinazioan bukatuta».

Ekitaldi garrantzitsuenen artean, aipatzekoa da igandean (irailak 1) egingo diren abere, nekazaritza eta artisau azoka edota arratsaldeko umeen danborrada. Astelehenean kuadrillen arteko bazkariaren eta jokoen txanda izango da, eta ostegunean emakumeen euskal ligako triangularra CD Elorrio, Athletic Club eta SD Eibar taldeen artean.

Hurrengo larunbatean (irailak 7) Sukalki Eguna ospatuko da Iturrizoro elkartearen eskutik, eta igandean (irailak 8) herri kirolak, zesta punta eta bertsolarien txanda izango da.

Elorrioko erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Elorrioko Udala, Bikale taberna, Zubiertz taberna, Parra taberna, Portalekua taberna, Xelai taberna, Frontis taberna.


Santurtziko Mamariga auzoan ere asteburu honetan hasiko dituzte jaiak. Hemen ere bi asteburu hartuko ditu egitarauak eta, hamar egunetan zehar, inoiz baino gehiago kolorez, kulturaz, umorez eta aldarrikapenez beteko da Ezkerraldeko auzoa.

Aurten, Mamarigako jaietako pregoilariak auzoko emakume kirolariak izango dira (Itsasoko ama ikasleak, Izaskun Etxaniz, Leire Martinez, Ziortza Urberuaga eta Maialen Saenz), arlo horretan egiten ari diren lana ikusarazteko eta aitortzeko.

Hori ostiral arratsaldean izango da (abuztuak 30) eta hortik aurrera, gustu eta adin guztiei zuzendutako ekitaldiak izango dira. Larunbatean (abuztuak 31) betaurreko eguna ospatuko dute, eta igandean (irailak 1) sardinera eta arrantzaleen eguna, artisauen eta itsaskien azoka eta marmitako lehiaketarekin.

Aste guztian zehar umeentzako ekitaldi asko izango bada ere, Txikien eguna asteazkenean izango da (irailak 4). Ostegunean play back handiaren txanda izango da, ostiralean gazte eguna, larunbatean mozorro eguna eta igandean birjina eguna. Jaiei amaiera emateko, gaueko 22.00etan Sardinoren ehorzketa egingo da eta ondoren, azken traka botako da.

Mamarigako establezimendu laguntzaileak: Antolin joyeros, Degustación Arraun, Ahizpak taberna.

Ilunberriko gazteak, txupinazo eguneko giroarekin gozatzen. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Ilunberrira ere iritsi da jaietako txanda

Ilunberrin dena prest dute aurtengo jaietaz gozatzeko eta, Udalaren egitarau ofizialez gain, jai herrikoien aldeko elkarteek ere egitarau zabala prestatu dute.

Suziri ofizialaren jaurtiketa ostiral honetan izango da (abuztuak 30) eguerdiko 12.00etan, eta sei egunetan zehar, adin eta gustu guziei zuzendutako ekitaldiak izango dira. Txupinazoaren aurretik, ordea, aste osoan zehar hainbat kultur ekitaldi izan da jai herrikoien aldeko kolektiboek antolatuta: dantzaldiak, kontzertuak, DJak, bertso saioak, artisau azoka, grafitiak…

Hori bai, talde horiek Udalak jarritako oztopoak salatu dituzte, urtero jartzen duten Irunberriko barraka edo txozna ezin izan baitute aste kulturalaren lehenengo egunera arte jarri.

Egitarau herrikoiak indarra hartuko du berriro ere asteburu honetan. Horrela, ostirala eta larunbateko musika kontzertu eta DJ emanaldien ondotik, igandean herri kirolen txanda izango da (Iker Vicente vs. Ugaitz Mugerza), baita zikiro janarena ere. Egitarauak irailaren 4era arte jarraituko du eskulan tailer, ipuion kontalari eta musika talde eta DJen emanaldiekin.

Egitarau ofizialari dagokionez, larunbatean (abuztuak 31) San Ramon eguna ospatuko dute gaitero eta txarangaren dianarekin, erraldoi eta buruhaundiekin, eta zezenen entzierroarekin. Igandean haurren eguna izango da, astelehenean gazteena, asteartean jubilatuena eta, egitaraua ongi amaitzeko, asteazkenean herri bazkaria egingo da plaza nagusian.

Ilunberriko establezimendu laguntzaieak: Camping Iturbero, Distribuciones Edaska.