Antigua inguruko zein Euskal Herriko hamaika euskaltzalek hutsik egiten ez duten zita da Txillardegiren heriotzaren urteurrenekoa. 12 urte bete dira aurten, eta Txillardegi Udal Liburutegia Herri Ekimenak urteroko omenaldia eskaini dio Antiguako Gaskoia plazan, jada Txillardegi izen toponimikoa hartu duenean. Ehundik gora lagun elkartu dira oroimena, aldarria eta kantua uztartuz.
Peru Aiartza bertsolariak eman dio hasiera ekitaldiari, hiru bertsoren bidez gure hizkuntza eta gure herria batu izana aitortu dio Txillardegi zenari, bere ibilbidea goraipatu du euskararen «amorante» eta militante fin gisa, eta bertaratutakoek bat egin duten amaiera kantatu du azkeneko bertsoan: «urtero biltzen segiko degi/zinena aitortu arte».
Kike Amonarriz izan da aurtengo gonbidatu berezia, eta Amonarrizek Txillardegi eta Jose Luis bereizi nahi izan ditu, «bi plano» direla kontatu du, eta berak biak ezagutzeko ohorea izan zuela «Jose Luis pertsonala eta Txillardegi erreferentea», zehaztu du.
Irakasle gisa ezagutu zuen Jose Luis, eta aitortu du asko gustatzen zitzaizkiola bere klaseak, batetik bestera jauzika ematen zituela azalpenak, bere gogoetak eta bizipenak elkar txirikordatuz. «Ideia batetik bestera arbelean ibili ostean, ikasleoi begiratu eta galdetzen zigun: ‘Non hasi naiz?’», kontatu du irri artean eta «barruko ezagutza eta bizitzeko grina» transmititu ziela azaldu.
Ondoren, Euskal Herrian Euskarazen ezagutu zuen, militantea, eta ikaslegan bezain gertukoa zela esan du. Gogoan ditu berarekin izandako hamaika eztabaida eta Txillardegik soziolinguistikari egindako ehundaka ekarpen, pentsalari gisa eta baita jardunaldi edo bestelakoen antolatzaile gisa ere. «Egindako ekarpena egin eta gero aitortza publikorik ez izatea salagarria da».
Txillardegiren memoria gorde eta Jose Luis gogoan hartzea «indargarria» dela azaldu du, eta gaur egungo egoerari begira ere jarri da. Euskara jasaten ari den oldarraldi judizialak hizkuntzaren biziberritzea gelditzea du helburu Amonarrizen ustez, eta esan du «boomeran» bat bihurtu behar dela hori eta kale aktibazioa indartu.
Euskal Herrian Euskaraz
Ekitaldian Euskal Herrian Euskarazeko Intza Gurrutxaga ordezkariak ere hartu du hitza. Txillardegi izan zela eragilearen sortzaileetako bat kontatu du, eta jada 40 urte pasa direla ordutik. Sortu zeneko helburuak «bere horretan» jarraitzen duela mahaigaineratu du, eta horrek oraindik lortu ez dela esan nahi duela adierazi.
Egungo egoera ekarri du plazara Gurrutxagak ere, milaka herritarrek euskaraz bizitzeko hautua, eta beraz, egunero horren alde borrokatzeko hautua egin arren, «batzuk normalizazio prozesua blokeatu» nahi dutela salatu du. Eta Amonarrizek aipaturiko oldarraldi judizial, politiko eta mediatikoari egin dio erreferentzia.
Donostiako azken epaia ere izan du mintzagai, eta irmoki defendatu du lan eskubideak eta herritarren hizkuntza eskubideak bateragarriak direla: «Euskaraz jakiteak ez du eskubiderik hurratzen, ez jakiteak bai, hor dago gakoa». Eta EHE-n lanean jarraituko dutela gaineratu du, euskalgintzatik eta independentismotik, Txilardegik bere garaian esan bezala, «Estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; gabe, ziur ezetz».
Kantua eta dantza
Euskal Herrian euskaraz eta Txikia abestu dituzte ekitaldian zehar, aldarria eta festa lotu asmoz. Eta amaitzeko, jada eragilearen zein Txillardegiren ereserki pertsonalizatua bihurtu den «Ta Txillardegik non du liburutegia?» Unai eta Beñat Gaztelumendiren bertso sorta kantatu dute musikaren laguntzaz. Aldarri zuzen batekin: «Justua izan dadin/ gure izendegia/ Txillardegik behar du/ liburutegia».
Talde argazkia atera dute plazan, eta amaitzeko, urteroko legez zazpi jauzi dantzatu dute guztiek batera. Geroz eta jende gehiago hurbildu da dantzara, eta azkenik plazan bi borobil osatu behar izan dituzte dantzarako.